Bat lurretik bueltaka, eta bestea etapa garaipenarekin eta liderraren maillotarekin. Peter Sagan (Liquigas) eta Matthew Harley Goss (HighRoad). Dema hori espero zen atzo Paris-Nizako hirugarren etaparen amaieran, azken bihurgunearen atarian. Baina eslovakiarraren erorketak itzalean utzi zuen australiarraren garaipen erosoa. Azken bihurgunean, buru-buruan zihoala, erori egin zen Sagan, eta, zalaparta batean, lurrera bidali zituen beste bi txirrindulari ere. Esprinta aldrebestu egin zuen erorketak. «Pena da erorketa izatea, baina niretzat perfektua izan da». Irabazlearen esanak izan ziren horiek.
Bezperan atarian geratu zen Goss. «Baina gaur [atzo] amaiera lasaia prestatu didate. Bihurgune asko zeuden amaiera horretan, baina ondo moldatu naiz». Ez zen aurre-aurrean sartu azken bihurgunean, baina pedal kolpe bikainarekin amaitu zuen etapa. Etapa garaipena, gainsaria, eta liderraren maillota. Gustura zegoen atzo HighRoadeko esprinter australiarra.
Perfilari begiratuta, erraz-erraza ere ez zen etapa, bigarren mailako muino bat zeukatelako helmugara iristeko 22 kilometro inguru faltan. Becoupeko gainak ez zuen minik egin, ordea, tropelean, eta Thomas Voecklerren azken ahalegina gorabehera —Blel Kadri (Ag2r) bere gurpilari pega-pega eginda joan zen—, esprinterren taldeek kontrolpean izan zuten lasterketa. Etapa hastearekin batera sortu zen bost txirrindulariko ihesaldia. Cedric Pineau (Francaise des Jeux), Kadri, Cyril Gautier (Europcar), Romain Hardy (Bretagne) eta Jussi Veikkanen (Omega Pharma-Lotto) sartu ziren bertan. Baina hamar segundo eskaseko aldearekin igaro ziren azken mendatetik.
Helmugara iristeko bost kilometro falta zirenean amaitu zen Voeckler eta Kadriren ahalegina, eta esprintaren prestaketa urduria ikusi ahal izan zen azken metro horietan. Denboraldi hasiera honetan ez dago esprintak nabarmen kontrolatzeko gai den talderik, eta atzokoak ere kontrolik eza izan zuen ezaugarri nagusi. Crecher sur Saone eta Belleville artean, laugarren etapa jokatuko da gaur, 191 kilometrokoa. Zazpi mendate igo beharko dituzte txirrindulariek, bigarren mailako hiru eta hirugarren mailako bi.
Bestalde, Romain Sicard (Euskaltel-Euskadi) atzo ez zen izan Cosne sur Loireko irteeran, eskuin belaunean min handia zeukanez, erretiratzea erabaki zuelako. Mikel Landari (Euskaltel-Euskadi), berriz, gaur egingo diote eskuin lepauztaiko ebakuntza.
Gossek irabazi du Paris-Nizako hirugarren etapa, eta lider jarri da
Sagan erori egin da azken bihurgunean, buru-buruan zihoala, eta Gossek eroso hartu dio aurrea Hausslerri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu