Gozatzea lortu dute

Baloiaren jabetzan ahalegin berezia eta defentsako lan hobea gehitu dizkio Athleticek sasoi hasierako joko zuzenariTxapeldunen Ligari bistarik kendu gabe, helburua Europako Liga dela diote jokalariek

David Lopez, Sportingi penaltiz sartutako gola ospatzen, joan zen larunbatean, San Mamesen. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
«Taldea oso ondo ari da jokatzen. Aprobetxatu egin behar dugu une berezi hau. Gozatzen ari gara, eta hori islatu egiten da emaitzetan», horrela laburbildu zuen atzo Ander Iturraspek Athleticen joko eta emaitza bolada ikusgarria. Zuri-gorriak egiten ari direna ez baita kasualitatea. Zelaian erakusten ari diren jokoaren isla da sailkapeneko bosgarren postua.

Talde batek bizi duen une gozoa edo txarra azaltzean beti egoten da arrazoi bat baino gehiago. Athleticen kasuan ere hala da. Gauza askok egin behar izan dute bat egun erakusten ari den sendotasuna agertzeko. David Lopezen iritziz, San Mames da azken jardunaldietan eman duten aurrerapausoaren giltzetako bat. «Etxeko partidetan egiten ari garen lana erabakigarria dela uste dut. Azken lau partidetatik hiru zaleen aurrean jokatu ditugu, eta horrek asko lagundu digu», esan zuen atzo. Ez dauka arrazoi faltarik. Izan ere, aspaldian garaiezina dirudi Athleticek San Mamesen jokatzen duen bakoitzean. Puntu asko irabazteaz gain, neurketa askotan erakutsi duen nagusitasuna azpimarratu behar da. Maila ertain eta txikiko talde gehienek ez dute aukera txikiena izan Katedraletik punturen bat eramateko: Mallorcak, Zaragozak, Getafek, Racingek, Herculesek eta Sportingek, besteak beste, ezin izan dute ezer egin Joaquin Caparrosek zuzendutako taldearen indarraren aurrean.

Ikustekoa da nola zelairatzen diren zuri-gorriak San Mamesen. Aurkaria zapaltzen ahalegintzen dira lehen minututik. Eta hartutako bideak emaitza onak eman dituenez, handitu egin da futbolarien autoestimua. Maila ona dutela sinistu dute. Konfiantza handiarekin ari dira jokatzen, eta, horri eskerrak, lehen ausartzen ez ziren gauzak egiten ahalegintzen dira orain. «Baloia daukagunean lasaitasun gehiagorekin ari gara jokatzen», aitortu zuen erdilari errioxarrak. Alegia, egungo Athletic ez dela joko zuzena bakarrik egiten duen taldea. San Jose, Iraola, Orbaiz, Muniain eta David Lopez askoz ere erosoago daude baloia oinetan dutenean. Taldeari asko eman diezaioketela ari dira erakusten. Athletic Llorente baino gehiago izan daitekeela baieztatu guran ari dira. «Jokalari batzuk euren unerik gozoenean daude», adierazi zuen Iturraspek.

David Lopez da adibiderik garbiena. Hiru urte luze itxaron behar izan dute bere alde egin zutenek, baina badirudi hasi dela berea ematen. Oso ondo ari da. Baina ez da bakarra. Javi Martinezek denboraldi hasieran izan zuen txakalaldia gainditu du, eta hasi da bereak eta bi egiten; Muniain deabru txiki-ak ere aho zabalik lagatzen ditu zaleak baloia hartzen duen bakoitzean; Iraola ligako eskuin hegaleko onenetakoa dela ari da berresten. Bere hegala ondo zaintzeaz gain, erasoko jokoan pisu handia dauka —goleko bost pase eman ditu dagoeneko—; Lehendakari zuri-gorria ere itzuli da. Toquerok berreskuratu du bere maila fisikoa, eta hasi da Caparrosek eman dion konfiantza jokoarekin bueltatzen. Horien guztien ekarpenak sasoi hasieratik ikusgarri ari diren Gurpegi eta Llorenteren lanari gehituz gero, benetan indartsu dabil Athletic.

Aipatutako jokalarien artean Iraola da atzelari bakarra. Gainerako guztiek zelai erditik aurrera jokatzen dute. Baina ezin da ahaztu Athleticek defentsan egin duen hobekuntza. Atea ixtea izan da gorakadaren beste giltzetako bat. Athleticek ez du golik jaso azken hiru jardunaldietan. Opariak egiteari utzi dio. Erraztasunik ez aurkarientzat. Ildo horretan, Koikiliren eta Ekizaren lan zintzoa eta isila aipatu behar. Ez dira distira handikoak. Ez dira partiden laburpenetan agertzen, baina hori da, hain zuzen,eurengandik espero daitekeen gauzarik onena. Zale askok oraindik ez daki Ekiza jokalari ona edo txarra den. Ez da seinale txarra. Iraizoz, bestalde, badirudi lasaitu egin dela kontratua luzatu zuenetik.

Arlo askotan hobetu du Athleticek azken hileotan. Eta jakinekoa da une onetan gozoak izaten direla ametsak. Zale asko hasi da Txapeldunen Ligarekin pentsatzen. Baita jokalariak ere. «Valentzia sei puntura dago. Gu gorantz begira gaude», gogorarazi zuen Iturraspek. Baikor izateak eta hobetzeko gogoa edukitzeak ez du esan gura, ordea, hasiera batean ametsa dena egia bihurtuko denik. Oraindik ia bigarren itzuli osoa geratzen baita. Eta helmugara ailegatu aurretik egin beharreko ia lau hilabete luzeko bidean gorabeherak izango ditu Athleticek. Lortuko al du onenen artean mantentzeko beharrezkoa den erregulartasuna? Gaitza dirudi. «Azken jardunaldietako emaitza boladari eustea ia ezinezkoa da. Bartzelonak, Real Madrilek eta beharbada Vila-Realek dute hori egiteko gaitasuna». Ez zaio arrazoirik falta Iturrasperi. Horregatik, ezinbestekoa izango da gehiegi ez puztea eta oinak lurrean mantentzea. «Gure helburua Europako Liga da». Ez da helburu makala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.