Gozatzeko aukera

Athleticek inongo estutasun barik jokatuko du denboraldiko etxeko azken partida

haritz gallastegi
2008ko maiatzaren 11
00:00
Entzun


Athleticek inongo estutasun barikjokatuko du denboraldikoetxeko azken partida
haritz gallastegi

Bilbo

San Mamesek gaur zabalduko ditu ateak azken aldiz denboraldion. Athleticek zaleen aurrean jokatuko duen azken partida izango da. Eta, neurri handi batean, gaur erabakiko da noiz zabalduko diren Katedraleko ateak hurrengo aldiz partida ofizial bat ikusteko. Talde zuri-gorriak Racing mendean hartzen badu, Intertotorako txartela eskuratzeko aukerak izan ditzake. Horretarako, ezinbestekoa izango da Deportivok bere neurketa ez irabaztea. Hala ere, lan gaitza dauka Athleticek sasoiko azken bi jardunaldietarako. Gutxienez lau puntu eskuratu behar ditu Intertotoa jokatzeko aukeraren bat izateko. Europarako bidea eman diezaiokeen aukera eskuratuz gero, uztailerako prest egon beharko du zelai zaharrak. Helburua lortu ezean, abuztu amaierara arte oporrak izan dituzte San Mameseko ateak zaintzen dituzten txapelgorriek.

Jokalariek ez dute etsiko aukera guztiak galdu arte. Gainera, Racingen aurkako norgehiagokak baditu motibatuta zelairatzeko hainbat arrazoi. Esaterako, sasoiko azken partida ez da erabakigarria izango. Athleticek lasai jokatzeko aukera du. Sailkapenaren goialdean jokatzeak eragiten duen presioak ez baitauka zerikusirik jaitsiera jokoan duten taldeek izaten dutenarekin. Jokalariek duten onena azaleratzeko balio dezakeen presioa da. Euren jokorik onena erakusteko akuilua.

Aurkaria Racing izatea ere ez da txarra. Marcelinok zuzentzen duen taldea denboraldi bikaina egiten ari da. Bere historiako onenetarikoa. Beraz, aurkari gaitza izango da. Baina, era berean, Espainiako Kopako arantza kentzeko aukera izango du Caparrosen taldeak. Tchite eta enparauekamets egiteko aukera kendu zieten zuri-gorriei. Kanporaketa beroa izan zen. Beroan, Athleticek epaileen laguntza izaten duela esan zuen Marcelinok. Betiko leloa. Tchitek, berriz, San Mameseko jarraitzaileei isiltzeko eskatu zien kanporaketa ia erabakita utzi zuen gola sartu zuenean. Raulenak egiten hasi zen.

Baina zuri-gorrien eta Racingen aurkako ikusezina ez zen Kopan hasi. Aspaldikoa da. Racingeko zaleek derbi kutsua ematen diote Athleticen aurkako partidari. Sasoiko neurketarik garrantzitsuenetarikoa da eurentzat. Horregatik, Sardineroko partidak oso beroak izaten dira. «Guretzat ez da partida berezia. Hala ere, etxean jokatuko dugun azken partidan ondo egin gura ditugu gauzak. Gainera, han ez gaituzte oso ondo hartzen. Beraz, Racingek bere helburua eskuratzen ez badu, hobe», adierazi zuen Aritz Adurizek. Donostiarraren iritzi berekoak dira Athleticeko jarraitzaile asko. Baita Euskal Herriko beste hainbat taldetako jarraitzaileak ere. Beraz, ez dira gogor borrokatzeko arrazoiak falta. Bide batez, UEFArako txartela eskuratu gura duen talderen batek sariren bat eskaini badu, jokalarientzat mesede, partida irabaztearren bada ez baitago inolako arazorik.



LUIS PRIETO EDO USTARITZ. Ez da berritasunik faltako Joaquin Caparrosek zelairatuko duen hasierako hamaikakoan. Entrenatzaileak gauzak argi izan arren, oraingoan ez du arrastorik eman nahi izan. Hala ere, deialdiari erreparatzea nahikoa da aldaketak non egon daitezkeen jakiteko. Ustaritz eta Susaeta dira zerrendako berriak. Abadiñoarrak Luis Prietoren lehia izango du hasierako hamaikakoan sartzeko. Asteko azken lan saioko partidan biek jokatu zuten Amorebietaren alboan. Entrenatzaileak sasoian hartutako erabakiak aintzat hartuz gero, Ustaritzek abantaila dauka. Hala ere, ez da ahaztu behar lesio batetik osatu berria dela. Beraz, ez litzateke harritzekoa izango Prietok hamaikakoan jarraitzea.

Zelai erdian ere ez dira nobedadeak faltako. Litekeena da Caparrosek hegal biak aldatzea. Murtzian Cuellarrek eta David Lopezek jokatu zuten. Talde guztiaren antzera, ez ziren fin aritu. Bada, Racingi aurre egiteko Caparrosek deialditik kanpo utzi du errioxarra. Gabilondo eta Susaeta hamaikakora bueltatuko direla dirudi. Halaber, Yestek ere lekua izan dezake euskarrian. Erasoan Adurizek eta Llorentek jarraituko dute. Bizkarreko arazoak direla tarteko, Etxeberria ez dago aukeratuen zerrenda.

Bestalde, zelaiaren egoerak ere kezka sortu du. Azken egunotan euri asko bota du Bilbon, eta horrek baldintzatu egingo du zelaiaren egoera. Mallorcaren aurkako partidan «lehorregi» zegoen zelaia bustiegi egongo da gaur. Astuna egongo dela, alegia. Hala ere, bi taldeentzat egongo da astuna. Egokitu egin behar.



«Santanderren ez gaituzte oso ondo hartzen; beraz, Racingek bere helburua lortzen ez badu, hobe»

Aritz Aduriz
athleticeko jokalaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.