Messi ez da zelaian izango—Urrezko Bota jaso zuen atzo, bigarrenez—; Xavi, Alba, Pedro eta Valdes ere ez. Ez da benetako Bartzelona izango. Beharrik ez daukate kataluniarrek. Baina festa handia izango da gaur iluntzean, Gasteizen. Bigarren B Mailako talde batentzat handia delako Europako talde onenetakoaren aurka jokatzea. Harrobiko jokalari dezenterekin jokatuko du gaur Bartzelonak Alavesen aurka, Espainiako Kopako final-hamaseirenetako joaneko partidan, baina, parean izar distiratsuenak izango ez dituzten arren, erronka zaila daukate gasteiztarrek. Kopako egungo txapelduna da Bartzelona, eta liga hasiera aparta egin du; lider dago, 25 punturekin, Atletico Madrilekin berdinduta.
Datu horiek ahaztuta, ordea, galtzeko ezer gutxi daukatela sinetsita zelairatu beharko dute arabarrek. Sailkapen buruan sendo eta joko eta emaitza bolada onean daude, ligako hamar partidetatik zortzi irabazita. Hamalau gol sartu ditu Alavesek, baina atzean dauka indargunea, lau gol besterik ez duelako jaso. Sendotasun horretan zerikusi zuzena dauka Jaumek eta Beobidek euskarri bikoitzean egiten duten lanak. Herren iritsiko da Natxo Gonzalezen taldea, zigortuta daudelako Luciano atzelaria eta Juanma aurrelaria, eta min hartuta Miki eta Ruben Negredo. Viguera ariko da aurrelari bakar gisa, eta Guzmanek, Jonanek eta Sendoak osatuko dute zelai erdiko hiruko lerro erasokorra. Espainiako Kopan behe-behetik abiatuta, Catarroja, Atletico Sanluqueño eta Huracan Valentzia taldeak kanporatu dituzte jada arabarrek.
Bartzelonari dagokionez, aldaketa asko egingo ditu Vilanovak. Ezusterik ezean, Song, Dos Santos eta Sergi Roberto ariko dira zelai erdian, eta Tello, Villa eta Alexis aurrealdean.
Gozatzeko partida da
Alavesek Bartzelonaren aurka jokatuko du gaur Espainiako Kopan, aurkaria estutzeko helburu xumearekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu