Zer ikusteko gutxi du Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako aurreneko partidako Itxakok oraingoarekin. Urriaren 9an, sasoi honetako estreinako partida 23-24 galdu zuten Lizarrakoek Alemaniako Leipzig taldearen aurka. Kolpe latza izan zen nafarrentzat. Geroztik, hala ere, gora bertzerik ez du egin Ambros Martinek zuzentzen dituen jokalarien jokoak, eta gainontzeko partidak irabazi egin dituzte. Etxetik kanpo mendean hartu dituzte Hypo eta Korvex, eta, azken jardunaldian, berriz, Lizarrerrian 23-21 irabazi zioten berriz ere Hypori.
B multzoko lehen postuan da Itxako orain, sei punturekin. Bigarren da Leipzig, puntu kopuru berarekin. Eta Hypok atzo Corvexi 28-26 irabazi zionez, nafarrak Txapeldunen Ligako hurrengo fasean daude jada. Nafarrek badute, hala ere, aurkaria mendean hartu nahi izateko nahikoa arrazoi. Bi puntuak gol bat baino gehiagoko aldearekin lortuz gero, lehen postu horri eutsi ahal izanen lioke Itxakok, azken jardunaldian zer gerta ere.
Bestetik, lehen jardunaldiko arantza ateratzeko aukera izanen lukete nafarrek. Lizarrako porrota atzean uzteko aukera, alegia. Bada hirugarren arrazoi bat, gainera: 2009an EHF Kopako finala irabazi zuen Itxakok Leipzigen. Une horiek berriz bizitzeko edo gogora ekartzeko aukera ez da makala. Europan orain arte egin duen urratsik handiena izan da Alemaniakoa Itxakorentzat.
Orain arte, etxean baino hobeki aritu dira Ambrosen jokalariak Lizarratik at Txapeldunen Ligan. Txapelketak berez duen giroari eta presioari aurre egiten ikasi dute. Esperientzia tresna garrantzitsua dela erakusten ari dira. Jokalariak, gainera, ari dira neurria ematen. Talde sendoa osatzen dutela erakusten.
Itxakok Hyporen aurkako partidako defentsa erakusten badu, lanaren erdia egina izanen du gaurko partidan. Silvia Navarro atezaina bermea da nafarrentzat. Txapeldunen Ligako azken jardunaldian 22 geldiketa egin zituen. Erasoan behar baino huts gehiago egin zituzten nafarrek, hala ere, eta partidaren amaieran Itxakoko entrenatzaileak berak erran zuen bezala, Alemanian huts horiek konpontzeko beharra dute nafarrek, puntuak eskuratu ahal izateko.
Leipzig ez da nolanahiko aurkaria. Ligaxka honetan Lizarran irabazteko gai izan dira alemaniarrak, eta, haien pistan, dudarik gabe, nafarrei aurrea hartzen eta B multzoko lehen postura itzultzen saiatuko dira.
Gakoa azken jardunaldietan erakutsitako bidetik jarraitzea izanen da Itxakorentzat. Erakutsitako grinari eustea. Aurreko sasoian Itxako ez zen gai izan lehen ligaxka gainditzeko, eta jada lortu dute hori. Lorpen handia da, baina borrokan jarraitu beharra dago. Txartela lortzea ez da nahikoa, lehen postua nahi dute orain nafarrek. Eta, horretarako, Leipzigi irabaztea lortu behar du gaur Itxakok. Lizarrako taldeak erakutsi du bere mailarik onena eman nahi duela, eta ziur aski berdinketarekin ez da konformatuko gaur. Alemaniako taldea mendean hartzea da helburu bakarra. Aurrera jarraitzea. Erronkak lortzen jarraitzea.
LEIPZIG-ITXAKO
Lehiaketa. Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako B multzoko bosgarren jardunaldia.
Leipzig. Zimmermann, Grosser, Voigt, J. Hummel, Schombel, Jaeger, Hansel, Roesike, Hartstock, Koenig, Lindner, Moeschter, Windisch, Bretschneider, S. Hummel eta Schorradt.
Itxako. Navarro, Alizar, Egozkue, Alonso, Pinedo, Aguilar, Pena, Martin, Soit, Turey, Fernandez, Kurbanova, Barbosa, Zugarrondo eta Azanza.
Sailkapena. Leipzig bigarren da (sei puntu) B multzoan, eta Itxako lehena (sei puntu).
Lekua. Leipzig Arena (12.000 ikusle).
Ordua. 15:00 (Canal 6).
Gozatzeko partida da
Hypok atzo Corvexi 28-26 irabazi zionez, Itxako Txapeldunen Ligako hurrengo fasean dago, gaur galduta ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu