Gaur han eta bihar hemen. Halaxe dabil Athletic denboraldi honetan. Partidak bata bestearen atzetik jokatzen ari da. Baina, pentsatzen jarrita, ez da seinale txarra, lehiaketetan aurrera egiten duela esan nahi baitu horrek. Bada, Sporting Lisboari egingo dio bisita etzi, Europako Ligako finalerdien joanekoan. Joan den igandean Mallorcari irabazi ondoren, buru-belarri ari dira lanean zuri-gorriak, sasoiko orain arteko partidarik garrantzitsuenari aurre egiteko.
Asko jokatzeak nekea dakar, eta nekeak aulkia mugitzea. Marcelo Bielsa ez da ordezko jokalariak zelairatu zalea, baina atzo horietako bi azaldu ziren Lezamako prentsa aretora, lan saioa amaitu berritan: Borja Ekiza eta Ibai Gomez. Biak garrantzitsu bihurtu dira azken neurketetan, eta badirudi nafarrak hasieratik jokatuko duela Lisboan, Javi Martinez zigortuta dagoelako.
«Sporting Lisboa finalerdietan badago, merezi duelako dago. Inork ez dio ezer oparitu, eta kanporaketa gogorra izango da». Garbi mintzatu zen Ekiza. Apustu etxeek Athletic jotzen dute faborito, baina ez da hori jokalarien iritzia. Lisboako taldeak Manchester City utzi du bidean, eta itxura ona emanda, gainera. Atzelariak gogorarazi zuen erne ibili behar dutela, batez ere aurkarien erasoko jokoarekin: «Kalitate handiko taldea da, eta kontraerasoan arriskutsua. Guk geureari eutsi behar diogu. Galdu edo irabazi, gure nortasuna erakutsi behar dugu, eta hori lortzen badugu, ziur fruitu onak jasoko ditugula».
Capel, Matias Fernandez... Sporting Lisboako izen asko nabarmendu zituen Ekizak, baina esan zuen Athleticek inoren inbidiarik ez duela: «Hazten ari den talde bat gara. Finalerdietara sartu ginenean pozez gainezka geunden, baina orain burua etziko partidan dugu, eta hazten jarraitzea da gure helburua. Hazten eta baita gozatzen ere». Taldeak bezala, berak ere hobetzen jarraitu nahi du: «Defentsako lerroan lehiakortasun izugarria dago taldean, eta hori ona da, norbera daukan onena ematera derrigortuta baitago. Ongi etorriko zaigu guztioi».
Ekizaren jokoan ez ezik, Ibai Gomezenean ere gero eta gehiago sinesten ari da Bielsa. Herenegun lehen aldiz jokatu zuen hasieratik, eta Schalke 04ri gola sartu zion, sartu duen lehena, eta ederra, gainera. Lezamako azken harribitxia itxaropentsu dago helburu guztiak lortzeko: «Espainiako Ligan posible da Txapeldunen Ligarako sailkatzea, eta Europako Ligan finalera heltzea ere bai. Talde honek edozer lor dezake». Espainiako Kopa ere ezin da ahaztu.
Bilbotarrak adierazi zuen etxetik at jokatuta gol bat sartzea ederra izango litzatekeela: «Haien arma nagusia erasoa da, eta hori baliatu behar dugu guk gola sartzeko. Aukerak izango ditugu, eta ezin ditugu alferrik galdu». Orain arteko kanporaketetan ez da gol faltan egon Athletic. Manchester Unitedi hiru sartu zizkion Old Trafforden, eta Schalkeri lau Alemanian: «Konfiantzaz jokatzen ari gara azken metroetan. Gola sartzea garrantzitsua da, baina ez jasotzea ere bai. Irabaztera joango gara, eta, ahal bada, kanporaketa erabakita uztera».
Muniain lanera itzuli da
Oso jokalari ezberdinak izan arren, Ibai Gomezek Iker Muniain ordezkatu du orain arteko partidetan. Etzi, ordea, ez dago garbi hala izango den. Izan ere, nafarra atzo itzuli zen lanera. Ubeitisa izan du ezker begian joan den asteko ostiralaz geroztik, eta babes batekin aritu zen lasterka. Hori bai, ez zuen entrenamendua amaitzerik izan, eta aldageletarako bidea hartu zuen. Gaur erabakiko da etziko jokatuko duen edo ez. Gaizka Toquero normal aritu zen.
Athleticek gaur goizean egingo du Lisboara abiatu aurreko azken lan saioa, 10:00etan, eta Bielsak deialdia emango du.
Futbola. Europako Ligako finalerdiak: Sporting Lisboa-Athletic
«Gozatzen jarraitu nahi dugu»
Mallorcaren aurkako garaipena dastatzeko betarik gabe, Athletic buru-belarri ari da Sporting Lisboaren aurkako lehia prestatzenEkizak hasieratik jokatuko du, eta esan du premiazkoa dela taldearen nortasunari eustea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu