Txirrindularitza

Gozatzen jarraitzen du Greipelek

Matxura baten eraginez, esprinteko lehiatik kanpo gelditu da Marcel Kittel (Etixx), eta atzetik aurrera eginda nagusi izan da Lottoko alemaniarra. Tom Dumoulinek (Giant) segitzen du lider.

unai zubeldia
2016ko maiatzaren 13a
17:11
Entzun

Esprinta espero zen, eta esprinta izan da Italiako Giroko zazpigarren etapan, baina gorabehera asko izan da aurretik. Valico della Somma laugarren mailako mendatean Marcel Kittelen (Etixx) ezina lehenengo, Kittelen matxura gero, eta esprint nahasia azkenik. Kokapen lanean sufritu ondoren, atzetik aurrerako esprinta egin du Andre Greipelek (Lotto), eta aurtengo Giroko bigarren garaipena eskuratu du. Lottok, berriz, hiru garaipen pilatu ditu jarraian, Greipelen biez gain, Tim Wellensek irabazi zuelako atzokoa.

Aurretik ihesaldi saiakera asko izan da tropelean, eta Stefan Kungena (BMC) izan da indartsuena. Sei laguneko ihesalditik aurrera eginda, zazpi kilometro falta zirela harrapatu du tropelak. Faboritoen artean ez da izan alderik, eta Tom Dumoulinek (Giant) jarraitzen du lider. Folignon hasi eta Arezzon amaitu, zortzigarren etapa jokatuko dute bihar, 186 kilometrokoa. Alpe di Poti bigarren mailako mendatea igo beharko dute helmugara iristeko hemeretzi kilometro eskas faltako direnean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.