Granollers ezustean hartzeko helburuarekin

Kataluniarren pistan jokatuko dute nafarrek eta Asobal ligan etxetik kanpo hobera egiten hasi beharra daukate

San Antoniok eta Antequerak sasoi honetan jokatutako partida. I. U. / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Amaya Sport San Antoniok Granollers izanen du gaur aurkari, 20:45ean, Asobal Ligako bosgarren jardunaldian. Nafarrak hamargarren dira sailkapenean, lau punturekin. Bi partida irabazi, eta bertze bi galdu dituzte Juanto Apezetxearen jokalariek. Etxetik kanpo arazoak izan dituzte, eta ez dira fin ibili orain arte. Horregatik, Granollers ezustean hartzea, eta jokoan hobera egitea izanen da gaurko helburua. Nafarren moduan, lehen lau jardunaldietan bi partida irabazita eta beste bi galduta daude kataluniarrak.

San Antoniok gauza anitz du oraindik konpontzeko. Kostatzen ari zaie jokalariei talde berrira moldatzea, eta egoera hori gehiegi sumatzen ari da pistan. Batez ere, nafarrak etxetik kanpo aritzen direnean. Iruñetik at jasotako bi porrotek ez dute jokalarien konfiantza sendotzen lagundu, noski —33-24 galdu zuten Huescaren pistan, eta 32-21 Octavio Pilotesen etxean—.

Nafarrek, ordea, burua altxatzeko beharra dute, sailkapenean gora egin ahal izateko. Apezetxeak argi du hori lortzeko emaitza onak funtsezkoak direla, taldeak behar duela bizpahiru partida jarraian irabazi, bide onetik ari direla erakusteko, eta, aldi berean, sinesteko.

Granollersen aurka izanen du San Antoniok susperraldiari ekiteko lehendabiziko aukera. Ez da pista erraza, inondik inora, eta nafarrek gogor egin beharko dute lan punturen bat lortzeko. Nafarrek errespetu handia diote gaurko aurkariari, baina baita Granollersek San Antoniori ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.