Grebak iskanbila, desadostasuna eta muturreko jarrerak dakartza berarekin, baina salbuespenak ere gertatzen dira noizean behin. Lituaniako Europako Txapelketa maila bikainekoa izango da, bertan NBAn jokatzen duten izar asko ariko baitira. Zergatik, eta mundu osoko saskibaloi liga onenean greba egiteko arriskua handia delako. Jokalariek ez dakite taldeko ugazaben eta jokalarien sindikatuaren arteko desadostasuna konponduko den, ezta konpontzen bada ere noiz izan daitekeen. Ezjakintasun horrek euren selekzioekin jokatzeko aukera eman die Europako jokalari onenei. NBA normal hasiko balitz, ordea, asko etorri ere ez lirateke egingo. Ez dutelako atsedenik hartzeko astirik. NBAko entrenamendu saioak irail bukaeran hasten dira, eta Europako Txapelketa irailaren 18an bukatuko da. Batean bukatu, bestean hasi, urte osoan nekea pilatu ostean. Ezinezkoa.
2012ko Londresko Olinpiar Jokoen gertutasunak ere bere eragina izan du. Londresen urrea lortzeko bide motzena Lituaniako finala jokatzea da, eta kirolari gehienek garrantzi handia ematen diote Olinpiar Jokoei. Dominekin batera, sailkapena ere lortzen bada, ezin hobeto. Denera NBAn jokatzen duten 23 jokalari ariko dira Lituanian. Kopuru handia, tartean AEBetako selekzioa falta dela aintzat hartuta. Espainiako selekzioan elkartzen dira gehienak, sei, eta horregatik da faboritoa Sergio Scarioloren taldea: Ricky Rubio, Jose Manuel Calderon, Rudy Fernandez, Serge Ibaka eta Pau eta Marc Gasol.
Frantziak zazpi jokalari zituen behin-behineko zerrendan, baina Rony Turiaf behin betiko deialditik at geratu da, eta Nicolas Batum hegalekoak ere Frantziako Nancyrekin lotu du kontratua. Halere, Tony Parker, Joakim Noah, Boris Diaw eta Kevin Seraphin ditu. Italiaren kasua ere bitxia da, NBAn jokatzen duten hiru jokalari izango baititu lehen aldiz: Andrea Bargnani, Marco Bellinelli eta Danilo Gallinari. Dinamita asko. Alemaniak eta Turkiak bina ordezkari dituzte: Dirk Nowitzki eta Chris Kaman lehenek, eta Omer Asik eta Hedo Turkoglu bigarrenek. Ersan Ilyasovak ere bi urte egin ditu Milwaukeen, baina Anadolu Efesekin fitxatu du hurrengo sasoirako. Ordezkari bana dute Errusiak (Andrei Kirilenko), Greziak (Kostas Koufos), Ukrainak (Kirilo Fesenko), Belgikak (DJ Mbenga), Esloveniak (Goran Dragic), Georgiak (Zaza Patxulia) Montenegrok (Nikola Pekovic) eta Erresuma Batuak (Luol Deng).
Euskal taldeetako jokalariak
NBAko lehiakortasunera iritsi gabe, indartsua da ACB liga. Espainiako Liga izanen da, hain zuzen, Lituanian ordezkari gehien izango duena: 31. Ondokoa ere datu interesgarria da. Lituanian ariko diren 24 selekzioetatik hamabostek ACB ligan jokatzen duen jokalariren bat du. Klubei dagokienez, Baskonia da ordezkari gehien duena, bost: Devon Van Oostrum (Erresuma Batua), Fernando San Emeterio (Espainia), Milko Bjelica (Montenegro), Nemanja Bjelica (Serbia) eta Mirza Teletovic (Bosnia eta Herzegovina).
Bilbo Basketek lau jokalari zituen, baina Axel Hervellek min hartu du ezker izterrean, eta agur esan dio txapelketari. Lituanian mantentzen dira Kostas Vasileiadis eta Dimitrios Mavroeidis (Grezia) eta Janis Blums (Letonia). Lagun Arok, berriz, ez du ordezkari bakar bat izango Lituanian.
Saskibaloia. Europako Txapelketa
Grebaren 'onurak'
NBAko grebak eta Londresko Olinpiar Jokoen gertutasunak izar asko erakarri ditu Lituaniara. NBAn jokatzen duten 23 jokalari ariko dira. ACB ligak ere indarra erakutsiko du: 31 jokalari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu