Futbolaren berezko izaera aldakorrak aurkako sentimenduak eragin ditzake denbora tarte laburrean. Sua pizten duelako, nekez aztertzen baitira gauzak ikuspuntu hotz batetik. Jokalarien eta zaleen arteko loturan neur liteke hori, eta Realeko Antoine Griezmannek zer kontatua izango luke gai horretaz.
Joan den sasoian, garai honetarako, bigarrenez atera behar izan zuen barkamena eskatzera Atletico Madril taldearekin izandako bat-bateko amodio harremanagatik. Hautsak harrotu zituen pasarte hark, Realeko zaleak kargu hartzeraino. Agintari txuri-urdinen arabera, «nahastuta» ibili zen frantziar gaztea bere «inguruak» buruko txoriak dantzan jarri ostean, zer pauso eman behar ote zuen garbi ez zekielarik —John Williams ordezkariarekin zuen lotura bertan behera utzi zuen segidan, eta, Didier Deschampsen modura, Jean Pierre Bernesekin dabil orain—. Aholku eskasei jaramon eginez berezko prozedura behartu nahian jardun eta gero, hanka sartu zuela onartu zuen behin baino gehiagotan.
Urduri ekin zion txapelketari horrenbestez, eta lanak izan zituen bere benetako maila erakusteko. Baretu ahala lortu zuen hori. Azkenerako, zazpi gol sartu zituen. Kopuru handia. Haren ibilia ere halakoxea izan baita. Ez dagoelako ulertzerik Realaren pizkundea haren agerraldi distiratsurik gabe. Datorren igandean hiru urte beteko dira aurreneko taldearekin debut ofiziala egin zuenetik, eta hasieratik antzeman zitzaion futbolari handi baten ezaugarria: lotsagabekeriaz aritzeko gaitasuna. Harrezkero, gipuzkoarrek jokatutako 127 neurketetatik 119tan hartu du parte. Ez du parekorik. Xabi Prieto —115ekin— eta Mikel Gonzalez —111rekin— ditu atzetik. Zelaiko mugak ere txiki geratu zaizkio. Elastikorik salduena da harena, eta Zubietara joaten diren jarraitzaile gaztetxo gehienek harekin atera nahi izaten dute argazkia.
Bere egitekoan zentratuta
Gainezka egin ostean emozionalki egonkortu egin den ustea dute Zubietako barnealdean dabiltzanek. «Utz nazazue behingoz bakean zurrumurruak direla eta ez direla. Hemen gozatzen ari naiz», nabarmendu du aste honetan bertan Griezmannek, Bilboko hainbat hedabidek argitaratutako informazioaren ondotik. BERRIAk jakin duenez, Realeko agintariek garbi daukate goiz ala berandu futbolariak hanka egingo duela baldin eta espero den bezalako bilakera badu. Ez hainbeste Athleticek egin dezakeen eskaintzagatik —Javi Martinezek utzitako diruarekin, txuri-urdinek etete klausulari helduko diote (30 milioi euro), edozein datorrelarik ere—, baizik eta haren benetako balioagatik. Horregatik, zail ikusten dute lan hitzarmen berri bat sinatzea, nahiz eta horretarako ahaleginak egin. Edonola ere, lasai daude.
Bartzelonara joan baino lehen 21 urtez azpiko Frantziako multzoaren deiari uko egin izana ere adierazgarria izan da lehen segundotik indartsu hasteko. Azken urteotan ez du geldirik egoteko astirik izan, eta oraingo oporraldiak mesede egin dio. Beste ezertan pentsatzeari utzita, bere lanean bildu du gogoa. «Behingoz atseden hartzeko modua izan dut, eta horrek eragin zuzena dauka nire jokoan. Lehengo urtean pasatatukoak pasatuta, ez nuen nahi horrelako beste zerbait errepikatzerik, eta jokoan pentsatu dut soilik». Denboraldi-aurrean gauzak ongi ateratzeko irrika erakutsi zuen, eta aurreneko bi lehietan hori berretsi baino ez du egin. Sasoikoen dagoen jokalaria da. Erreferentziarik garbiena.
Philippe Montanierrek estilo biziagoa nahi duenez, bere herrikidearen lekua erdiratzea erabaki du. Ondo bidean, maizago jokatuko du barrutik, hegaletik baino. Abiadura handiagoan arituko dira txuri-urdinak hartara. Zango bizkorra izateaz gain, Griezmannek erraz jokatzen du lehen ukituan, eta horrek sekulako balioa dauka. Celtaren aurka argi erakutsi zuen talde askoren defentsa lana ezerezean uzteko ahalmena duela. Berdinketaren golean, jokaldi ederra josi zuen Agirretxerekin. Nonahi azaldu zen jokoa edertzeko. Lana egitea berezkoa du. «Gustura sentitu nintzen. Askeago jokatzen dudanez, aurkako areara gehiagotan irits naiteke», azaldu zuen.
Carlos Velarekin bikain moldatzen da zelaitik kanpo; behin baino gehiagotan hitz egin du horretaz. Xabi Prieto, Agirretxe eta orain Chory Castrorekin ere laukote ederra osatzen du aurrealdean. Montanier formularik eraginkorrena topatzen ari da. Taldearen jokoa orekatzea, goitik beherako zeharbidea sendotzea ezinbesteko baldintza izango da. Anoetan, behintzat, erabiliko du, aurreneko txanpa honetan.
Griezmann, eztabaidaezina
Montanierrekin, frantziarraren hierarkiak gora egingo du zelaian. Espero den bidetik jarraituz gero, agintariek badakite zaila izango dela futbolaria erakartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu