Griezmannek 2016. urtera arte luzatu du lan hitzarmena Realarekin

Frantziarrak adierazi du inon baino gusturago dagoela Realean, eta bere helburua ez dela beste talde batera joatea

Erredakzioa
Donostia
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Arnasa lasai hartzeko moduan dira Realeko zaleak. Azken egunotako zurrumurruak isilduz, Antoine Griezmannek 2016. urtera arte luzatu du kontratua Realarekin. Athleticek fitxatuko ote zuen beldurra bazen Donostia aldean, baina ez. Jokalariak garbi utzi zuen atzo «inon baino gusturago» dagoela Realean, eta bertan jarraitzea dela bere helburua, ez beste talde batera joatea: «Otsailean hasi ginen hizketan taldea eta ni, eta guztia erraza izan da, bi aldeen nahia izan baita nik hemen segitzea». 2015era arteko kontratua zuen Griezmannek aurrez; beste urtebeterako luzatu zuen atzo, beraz. «Etxean baino hobeto ez naiz inon egongo», adierazi zuen frantziarrak.

Lorenzo Juarros Realeko kirol zuzendariaren arabera, bikaina da albistea talde txuri-urdinarentzat: «Griezmannen keinua ederra izan da. Realak proiektu interesgarria eskaintzen die jokalariei, eta eurak erantzuten ari dira. Epe motzean zerbait handia lor genezake». Griezmanni berari ere erakargarria egiten zaio proiektua: «Zuzendaritzak talde ona eta lehiakorra osatu nahi du, eta lortzen ari da. Gazte asko gara taldean, eta denok elkarrekin dugun harremana ezin hobea da. Familia moduko bat osatzen dugu». 21 urte besterik ez ditu frantziarrak, eta beterano baten papera dauka dagoeneko taldean. Aurtengo sasoian, gainera, «gustura» ari da zelai erdian.

Jeffrey Sarpong, Herculesera

Dena den, ikasteko asko daukala badaki Griezmannek: «Ongi ari naiz jokatzen, eroso, baina hobetzeko gauza asko dauzkat. Aurtengo denboraldian goian ibiltzea da gure nahia, eta ahal bada Europako postuetan sartzea. Hori bai, partidaz partida joan behar dugu».

Griezmann ez bezala, Jeffrey Sarpong Realetik kanpo ariko da sasoi honetan: Herculesen. Utzita jokatuko du Bigarren Mailan, Lorenen ustez, tokirik egokienean: «Herbereheetako eskaintzak jaso ditugu, baina guk Espainiako Ligan mantendu nahi genuen jokalaria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.