REALA 3. RACING 0

Griezmannen estilora

Erdilari frantziarraren erakustaldiari esker garaitu du Realak Racing, eta mailari eustea lortu du

Antoine Griezmann, atzean Imanol Agirretxe duela, atzo sartutako bigarren gola ospatzen. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Donostia
2012ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Griezmannek (47. min.). 2-0: Griezmannek (70. min.). 3-0: Agirretxek (82. min.).Epailea: Estrada Fernandez. Txartel horia Realeko Ifrani eta Racingeko Acosta, Alvaro eta Torrejoni. Bestelakoak: 22.000 ikusle Anoetan.

Kito. Txuri-urdinek ez zuten kale egin atzo Racingen kontra, eta denboraldi hasieran jarritako helmuga arrastoa zeharkatu zuten. 43 punturekin gainditu ere. Hiru jardunaldiren faltan. Txapelketaren atarian egindako aurreikuspenaren arabera, zaporegabea irudituko zaie batzuei Realak orain artean egindakoa.Baina Lehen Mailan parte hartutako aurreko bederatzi aldietako lana aztertuz gero, txapeldunorde izan zenekoa eta Amorrorturen aginduetara jokatutako lehena salbuetsita, bada zerbait. Realak denboraldi horietan guztietan ezin izan zuelako arnasa sakon hartu azken unera arte.

Sailkapenak neurgailutzat erabiliz, Montanierren multzoak azterketa nagusia gainditu du, aurreko denboraldiko dardarra sentitu gabe, gainera. Hurrengo erronka, berriz, 50 puntura ahal bezainbeste hurreratzea. Atletico Madril, Osasuna eta Valentziari aurre egitea. Hasiera batean dirudien baino garrantzi handiagoa izan dezake horrek. Montanierren sinesgarritasunean bai behintzat. Realak etxeko lanak egin zituen, beraz, atzo, Racingek Lehen Mailari agur esan zion arratsalde berean.

Zalantzarik pizten ez duena Antoine Griezmann da. Zelaian hitz egiten duen bakoitzean, etorri handikoa izanik, Realak gauza on asko egin ditzake erasoan. Atzo gertatu moduan. Racingen antolaketa sakabanatu zuen lehen gola, erabakigarriena, hark sartu zuen. Aurreneko zutoinerantz egindako mugimendua ederra izan zen oso, Xabi Prietoren erdiraketari itxura hartu ostean. Bigarren gola ere, lasaitasunarena, berea izan zen. Zurutuzaren pasea zogarria izan zen, ederki ikusi zuelako frantziarraren agerraldia bigarren zutoinean.

Kantabriarrei azken ukitua Agirretxek eman zien, Griezmannek bere alderik eskuzabalena erakutsi ostean. Bihurriena ere erakutsi zuen moduan, bai onerako, bai txarrerako. Aurreneko golaren ospakizunean barregarri geratu baitzen. San Mamesa egindako bidaia dela eta, Anoetan bildutako hainbatek kargu hartu zioten, eta haiei erantzute aldera zer bururatuko eta eskua belarriaren atzera eraman zuen, «eta orain zer diozue?», esan nahi izango balu bezala. Ergelkeria galanta, berez nahasita dauden bazterrak are eta gehiago harrotzeko baino ez duelako balioko.

Ateraldi horiek sobran daude, gauzak bere onetik etengabean atera nahi dituztenen joera makurra bezalaxe. Realak bere inguruaren babesa behar duelako hazteko, eta aurrera begiratze horretan, iraganeko kontu ilunek ez dutelako mesederik egiten. Utikan inbidia, mendeku nahia eta sentimendu gaziak. Txuri-urdinek bereari erreparatu behar diote, etxeko hainbeste jokalarirekin aritzeak duen merituari garrantzia aitortuta. Konparazioak eta konplexuak albo batera utzita, harrotasunez, bat eginik.

Aranburu nekaezina da

Realaren izateko era hobekien irudikatzen duena taldeko kapitaina da. Mikel Aranbururen gisako gehiago behar ditu futbolak. Ezagunak diren adjektiboak gogoratzeko beharrik gabe, lehen golaren jatorrian azaldu zen azpeitiarren betiko igurtzia. Ikusgarriak izan ziren Colsari egindako erregateak eta Prietori emandako pasea. 400. neurketa zuen ligan Realarekin. Atzokoaren gisakoak egiten jarraitzea nahiko lukete askok eta askok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.