Fernando Gaviria (Quick Step) eta Peter Saganek (Bora) Tourreko bina etapa irabaziak zituzten, eta Chartreseko (Frantzia) esprintak berdinketa hausteko aukera aproposa zirudien. Baina ez da halakorik egon, ez bata ez bestea, Dylan Groenewegenek (Lotto Jumbo) lehen garaipena lortu baitu. Nagusitasun handiz gailendu da aldapa gora txikiko esprintean. Helmugan keinu nabarmena egin du hatza ezpainetan jarri eta isiltzeko eskatuz. Orain arte ez da fin ibili, eta agian ahots kritiko horiei zuzendua zen. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egon eta Greg van Avermaetek (BMC) jarraitzen du lehen postuan.
Etapar dagokionez, aspergarria izan da. 231 kilometroko ibilbidea zuen, aurtengo luzeena eta ibilbideak patxadaz hartu du. Hain jarrera lasaia protesta kutsua ere bazuela zirudien. Egunean bi ihesaldi egon dira. Aurrenekoan Yoann Ofredo (Wanty) saiatu da, eta 90 kilometrotik gora egin ditu ihesean; bigarrenean, berriz, Laurent Pichonek (Fortuneo) egin du ihesa. Helmugatik 34 kilometrora ehizatu dute ihesean 50 bat kilometro egin ondoren.