2011ko Euskal Liga gaur hasiko da (16:00), eta aurten Euskal Herri osoko 1.000 xakelari inguruk jokatuko dute. Hamar taldek osatzen dute Euskal Ohorezko Maila, eta beste hainbestek Euskal Lehen Maila. Azpitik jokalari gehienak Gipuzkoan —iparraldeko taldeak barne— eta Bizkaian daude, lurraldekako lehen, bigarren eta hirugarren mailetan banatuta.
Aurten, ligako izen ofiziala aldatu behar izan dute, orain arteko Euskal Herri osoko parte-hartzeari eusteko. 2010ean, beste urte batzuetan baino gehiago, euskal xakeko sektore batzuk zalantzan ipini zuten nafarren eta iparraldekoen parte-hartzea. Presio horien ondorioz, 2010eko Euskal Ligan talde nafarren parte-hartzea mugatu zen. 2011rako, baina, Euskal Herri osoko taldeen parte-hartzea ziurtatu da legezko zirrikitu bat erabilita. Beraz, Euskal Liga aurten ez da erkidego batekoa izango, euskal kluben federazio arteko liga baizik. Eredu hori kirol legean jasota dago, eta, printzipioz, zenbait erkidegotako taldeek batera lehiatzeko modua ematen du. Hori bai, Ipar Euskal Herrikoak gipuzkoarren eskutik ariko dira.
Ohorezko Mailan historiako torneorik onenetarikoa jokatuko da. Faborito nagusiak Gros eta Sestao dira berriro. Ligako jokalaririk sendoena Sestaok izango du: Hikaru Nakamura estatubatuarra, 2751 eloarekin, munduko 10.a. Baina Grosen Etienne Bacrot frantziarra dago, 2723 eloarekin, munduko 22.a. Sestaok dauka talderik ikusgarriena, bederatzi maisu handi baitauzka: Nakamura, Vachier-Lagrave, Giri, Moiseenko, Edouard, Conquest, Del Rio eta Romero. Partida bakoitzean lau xakelari lehiatzen direla kontuan izanda, ordezko oso onak ditu.
Grosen sei maisu handi daude: Bacrot, Kasimdzhanof, Van Welly, Bauer, Hamdutxi eta San Segundo. Eta lau euskal jokalari: Franco, Argandoña, Gonzalez eta Etxegarai. Grosen apustua beste urte batzuetako berdina izango da: maisu handiek taldea sendotzea eta horien alboan etxeko jokalariak sustatzea.
Beste talde batzuek ere zerrenda polita aurkeztuko dute. Batallak (Irun), Orvinak (Iruñea) eta Ruta de Europak (Subilla Gasteiz) lehen taula sendoak dituzte. Irundarrek oso talde konpaktua batu dute: Alonso Pibe, Cruz-Lopez, Ivan Muñoz eta Luis Olaizola. Arabarrek, berriz, lehen bi tauletan puntu asko bilduko dituzte, Alejandro Ruizekin eta Jesus Iruzubietarekin. Orvinak ere jokalari onak ditu, eta garrantzitsuena Unai Garbisu nazioarteko maisua da, lehen taulan.
Gainontzeko taldeen artean berdintasun handia espero da, eta jaitsierako bi postuak saihesteko borroka bortitza izango da, San Viator, Barakaldo, Arrasate-Arlutz, Zuri-Baltza eta Easoren artean. Gaurko lehen jardunaldiko lehiak hauek izango dira: San Viator-Easo, Barakaldo-Zuri Baltza, Gros-Batalla, Ruta de Europa-Orvina eta Arrasate Arlutz-Naturgas Sestao.
Bestalde, Euskal Lehen Mailan San Juan, Rey Ardid, Calasanz, Eibar, Gros B, Leioa, Oberena, Fomento, Conteneo eta Naturgas Sestao B elkartuko dira.
Gros eta Sestao dira faborito berriz ere Euskal Xake Ligan
Gaur hasiko da, hamar talderekin, eta Euskal Herri osoko elkarteek hartuko dute parte berriro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu