Gros xake elkartea ondo aritu da Europako talde onenen artean

Donostiako taldea 15. postuan sailkatu da Kluben Arteko Europako Kopan, Bulgarian

Josu Tornay.
Donostia
2010eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Igandean amaitu zen Plovdiven (Bulgaria), Kluben Arteko Europako Xake Kopa. Europako talde onenak izan ziren lehian bederatzi egunez, tartean Gros, euskal ordezkari bakarra lehiaketan. Donostiako taldea ondo aritu zen Bulgarian. Zenbakiek, behintzat, hori diote. 49 talde aritu ziren lehian, eta Grosek 15. postuan amaitu zuen. Beraz, 34 talde izan zituen atzetik, parte-hartzaileen erdiak baino askoz gehiago. Helburua, gainera, horixe zen: lehen hogei sailkatuen artean geratzea.

Donostiarren meritua, hala ere, haratago doa. Izan ere, aurrekontu txikiarekin aritu ziren, eta horren ondorioz, ez ziren lehiatu taldeko zenbait jokalari. Hala, bi fitxaketa soilik izan ziren Bulgarian, biak maisu handiak: Christian Bauer frantziarra eta Hisham Hamdushi marokoarra. Haiekin batera aritu ziren Alejandro Franco, Mikel Huerga, Santiago Gonzalez eta Iñigo Argandoña. Hutsuneak hutsune, halere, itxura ona eman dute guztiek.

Hasiera arraroa izan zuen taldeak, baina hirugarren txandan argi utzi zuen helburu argia zuela, Norvegiako ordezkariari 6-0 irabazita. Horren ostean, Ukrainako talde sendoaren kontra galdu zuen, eta Evry Frantziako taldeari irabazi (5-1). Seigarren txanda garrantzitsua zen, baina porrot mingarria jaso zuten donostiarrek Alemaniako Solingen taldearekin. Hala ere, azken txandan Eslovakiako ordezkariari irabazi izanak 15. postua eman zien.

Huerga nabarmendu da

Kontuan izanda ez zutela atsedenik izan eta torneoan oso jokalari onak lehiatu zirela, zalantzarik gabe esan daiteke Grosek lan ona egin duela. Halere, Huergaren jarduna azpimarratu beharra dago. Iruindarrak 2.525ko performance-aegin du, eta zazpi partidetan bost puntu atera. Bauer ere txukun aritu da lehen taulan. Aurreneko txandan galdutako partida izan da segur aski haren orban bakarra.

Torneoko txapelduna Errusiako Economist-SGSEU izan da bigarren urtez jarraian. Zenbaki oso onak egin ditu eta, torneo osoan soilik partida bat galdu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.