Dagoeneko 60 urte baino gehiago ditu eta Frantziako legediak aurten lana uztera behartzen du. Michelinen kirol curriculuma osatu duen gizon txiki baina ipurterre honek ez du askorik behar elkarrizketan bete-betean sartzeko.
Pneumatikoen higadurarekin kezkatua dirudizu
Erabat! Gogoratzen dut trakzio kontrola lehen aldiz legeztatu zenean nola guretzat [Michelinentzat] gidatzen zuen gidari batek, oraindik gure gidari denak, gurpil joko berri bat erabat txikitu zuen bost itzulitan! Trakzio kontrol bat behar bezala konfiguratua ez dagoenean 900 zaldi gurpiletara bidaliko ditu gidariak azeleragailua zapaltzen duen bakoitzean.
Zer gomendatzen diezu taldeei?
Poliki joan eta pneumatikoak zaintzeko. Normalean ez dituzte gure gomendioak jarraitzen.
Ferrariak, bi segundo eta erdira!
Ez dakigu zer gertatu zaien. Zinez diot. Autoa ona da, hori badakigu. Baina ez dugu ulertzen zer egin duten.
Monako, bere ezaugarriengatik, gogorragoa al da pneumatikoentzat?
Talde guztiek konfigurazio berezia erabiltzen dute Montecarlorako. Inor ez da Bartzelonako kaxa-erlazioa erabiltzen ari Montecarlon.
Asko aldatu da iazko urtetik zuen pneumatikoa?
Bai, erabat! Ehun kilometro egiten dituzunean [iazkoek] edo bostehun egiten dituzunean, diferentzia itzela da. Pneumatikoaren beraren eraikuntza, konposaketa, higadura... guztia.
Eraikuntza ere bai?
Bai, zalantzarik gabe. Gu ez gara kamioi pneumatikoak egiten ari. Gu lehiaketa pneumatikoak erabiltzen ari gara, muga-mugan ibiliko direnak. Eraikuntza aldetik ez, hori segurtasunarekin lotua baitago, eta guk ez dugu segurtasun arloa baldintzatzen eraikuntzaren orduan.
Segurtasun horrekin jarraituz, Ferrarik Bartzelonan izan zituen arazoek segurtasunarekin zerikusia balute, informazio hori elkar trukatuko al zenukete?
Konpainia bakoitzak dauka bere iritzi edo jokabidea segurtasunaren inguruan. Guk ez dugu Bridgestonerekin ezer elkar trukatzen, argi dagoenez. Guk egin behar dela uste duguna egiten dugu, eta ziur gaude ez dugula jarriko auto batean gizaki batek gidatzen duen auto batean erabateko segurtasuna ez duen ezer, gutxienez guk dakigun neurrian.
Kasu horretan FIAri esango zenioke arazo larria duzula, agian araudi baten ondorio dena?
Lasterketa batean nire ingeniariei esan nien: «Mutilak, arazo madarikatu hori ez baduzue konpontzen, ez dugu hurrengo lasterketetan parte hartuko!». Eta oso serio ari nintzen.
Eta zer iruditzen zaizu pneumatiko mota estandarra ezartzea?
Oso ondo dago, baina ez dakit 1 Formularako egokia ote den.
Horretarako etxe bakarra egon behar luke, zein?
Ez dago inor soberan! Zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto. Jakin behar dugu zer moduz egiten ari garen gure lana. Besteekin ez badugu konparatzen, nola jakin ondo ala gaizki ari garen?
Baina ondo ala gaizki ari zareten jakin gabe...
Bai, inolako arazorik gabe! Ez dugu arriskurik hartzen, ez dugu kezkarik... Normalean ez da ezer gertatzen.
Pneumatiko egile gehiago sartuz gero, zuentzat irabaztea ere zailagoa litzateke.
Ez da arazo. Gu ez gaude hemen lasterketak irabazteko. Gu makinaren parte txikia bakarrik gara, talde osoa, gidariak eta beste askorekin batera. Eta iaz egin genuen lanak erakusten du hori. Baina Ferrariren nagusitasuna hainbestekoa zen, non lana ilunpean gelditu baitzen.
Horregatik agian pneumatikoak dira autoaren arazoen aitzakia errazena?
Inork ere ez gintuen arazoen iturritzat jo, aurten Ferrari eta Bridgestonerekin gertatzen ari den bezala. Ez daukat adibiderik, agian zuk izango duzu, baina ez dut inoiz entzun «Oi, pneumatikoa kaka zaharra zen!».
«Gu ez gaude hemen lasterketak irabazteko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu