Hirugarren denboraldia beteko du entrenatzaile lanetan Gabi Larrinagak (Donostia, 1975). Hirurak San Pedron. Pasaitarrek eman zioten aukera, eta zertarako beste bat hartu helburuak betetzen baditu. Urtez urte hobetzen ari da taldea, eta aurten ere bide berean segitu nahi du.
Zein dira San Pedroren helburuak aurten?
San Miguel ligan, lehenik eta behin, ez jaistea da gure asmoa. Gero, gorago ibiltzen bagara, askoz hobeto. Onena litzateke bigarren txandan arraun egitea.
Denboraldi-aurreko estropadetan erakutsi duzue ez jaisteko lehia ez dela zuen borroka izango, hobeto ibiltzeko gai zaretela.
Lasai gaude alde horretatik, orain arteko emaitzak onak izan direlako. Baina emaitza horiek fidagarriak diren edo ez, ezin da jakin. Eta ez dut esaten guregatik. Gerta daiteke talde batzuk talde onenik gabe aritu izana estropada horietan. Auskalo!
Zer iritzi duzu zuen inguruan ibil daitezkeen aurkarien inguruan?
Kantabriako hirurak [Astillero, Pedreña eta Castro] zertan ari diren ez dakit. Oso informazio gutxi daukat. Zierbenak zer eman dezakeen ere ez dakit ondo. Zalantza asko dauzkat hainbat talderen inguruan, ez dakit zer emango duten. Guk umil hasi behar dugu, eta aurkari denei diegu errespetu handia.
Zure taldea hizpide hartuta, aldaketa asko al dituzue iazkoarekin alderatuz gero?
Hutsune batzuk dauzkagu, baina pare bat berrikuntza ere bai. Ez da aldaketa handirik izan, eta ona da hori, taldea egina daukagulako. Urtez urte ari gara hobetzen. Arraunketa bateratuagoa da.
Talde indartsua ala teknikoa da zurea?
Ez teknikoa eta ez indartsua [barrezka]. Zulo asko ditugu, hobetzeko tarte handia dugu. Gure taldea borrokalaria, langilea eta konpromiso handikoa da. Hiru ezaugarri horiek edukita, indarrarena eta teknikarena berez etortzen da.
Nolakoa izango da aurtengo San Miguel liga?
Ez dakit talde batzuek zer emango duten, baina garbi dago erdiko maila eta behekoa asko igo direla. Seigarren sailkatutik hamabigarrenera dagoen multzoan, hobekuntza handia egon da. Gero, ikusi egin beharko da talde bakoitzak nola antolatu duen liga: batzuk uztailean topera eta abuztuan eskasago ibiliko dira, eta beste batzuk, uztailean lasaixeago eta abuztuan topera. Nerbioek ere eragina izaten dute. Ondoen menderatzen dituztenek lan ona egingo dute.
Urte asko daramatzazu arraunean, eta azken urteetan entrenatzaile ere bazara. Aurten, tostetan gehiago ala trainerutik kanpo sarritan?
Nire asmoa da ahalik eta gutxien egitea arraunean. Estropada gehiegi dauzkat bizkar gainean. Ni baino arraunlari hobeak daude taldean, eta espero dut atseden pixka bat hartzeko aukera izatea.
Gabi Larrinaga. San Pedroko entrenatzailea
«Gure taldea borrokalaria eta langilea da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu