Koikili Lertxundik (Otxandio, Bizkaia, 1980)bere kirolibilbideko amets handi bat bete egingo du gaur, euskal selekzioaren koloreak jantziko baititu lehen aldiz. Azken hilabeteetan federazioarekin harremanetan egon da bizkaitarra, eta partida jokatu aurretik bere iritzia eman dio BERRIAri.
Hiru urteren ondoren, iritsi da eguna.
Bai, eta bazen garaia. Egia esanda, hiru urte asko izan dira. Baina azkenean berriro ere agertu da euskal selekzioa, eta oso berri ona da denontzat.
Agertu da, bai, baina atzeko atetik.
Hala da. Azken ordura arte ez dugu lortu partida jokatzea, baina hemen gaude, eta orain bide honi jarraipena ematea da garrantzitsuena.
Nolakoak izan dira negoziazioak? Zuen eskaerak onartu al dituzte?
Denetarik egon da. Ez da egon erabateko akordiorik. Gauza batzuetan ados jarri gara, baina bestetan ez. Erdibidean geratu garela esango nuke. Partida berreskuratzean, izenean… bat egin dugu, baina selekzioaren izaeran iritzi kontrajarriak sortu dira.
Zuek hasieratik oso garbi zenuten aurten jokatu beharra zegoela.
Bai, baina beste urteetan ere bai. Guri askotan leporatu zaigu neurketa ez jokatzearen errua, baina erantzukizuna federazioarena da. Azken batean, antolatzaileak eurak baitira. Egia da gure izaera adosteko orduan muturreko iritziak egon direla urteotan, baina gu jokatzeko prest egon gara beti.
Eta nola ikusten duzu ofizialtasunerako bidea.
Zoritxarrez, lan asko eta asko dago egiteko. Baina uste dut partidak jokatzea dela horretarako aldarrikapen nagusia, eta lehen pausoa eman dugula jada.Horrexegatik argi geneukan ahaleginak egin behar genituela aurten jokatu ahal izateko. Eta berriz diot, behin hori lortuta ezin gara geratu.
Beraz, albiste ezin hobea litzateke udan Kataluniarekin eta Galesekin aipatu den torneo hori jokatzea.
Bai, hori oso inportantea izango litzateke guretzat. Zenbat eta partida gehiago, hobeto. Baita ere oso garrantzitsua da FIFAren eta federazioaren aldetik borondatea ikustea urtean beste hainbat partida jokatzeko. Izan ere, aldarrikapena indartsuago bihurtuko litzateke eta ofizialtasuna hurbilago legoke.
Jendea gogotsu dago, gainera. Sarrera guztiak amaituta daude jada.
Egia esanda, zaila dago sarrerak lortzea, bai. Batzuentzat albiste txarra izango da sarrerarik ez daukatelako, baina, oro har, oso albiste ona da San Mames leporaino beteta ikustea selekzioarekin berriro gozatzeko prest. Horrek are gehiago motibatuko gaitu.
Kirol arlotik begiratuta, uste duzu mundu mailan jokatzeko mailarik baduela euskal selekzioak?
Nik uste dut baietz. Badaude gureak baino maila baxuagoa dutenak. Ez dut esango onenetakoak izango ginatekeenik, baina maila txukuna emango genukeela, bai. Aukera izanez gero, ziur oso lan ona egingo genukeela, oso jokalari onak baitauzkagu.
Arlo pertsonalean ere berri ona izango da zuretzat zuri, gorri eta berdez janztea.
Bai, izugarri berri pozgarria da, lehenengo aldia izango baitut. Ilusio handia egiten dit euskal selekzioarekin jokatzeak, eta nire kirol ibilbidean zegoen beste helburu bat beteko dudala esan daiteke. Beraz, poztasun bikoitza daukat.
Gauza ederra izango da sentitzen dituzun koloreak defendatzea.
Kirol arloan bete-betean lehiatzeko, hori izaten da onena. Zure taldearekin jokatzen duzunean lana ere bada emaitzen gakoa, baina euskal selekzioarekin ez dago lanik. Beraz, dena sentimendu kontua da, eta horrek zelaian oilo ipurdia jarriko didala pentsatzen dut.
Eta, azkenik, zer moduz zaudete gaurko partidarako?
Ongi. Venezuelak talde polita dauka, munduko lehiaketetan aritzen da, eta irabaziko bagenu, guk ere kalitatea daukagun seinale litzateke.
Koikili Lertxundi. Euskal selekzioko jokalaria
«Guri leporatu zaigu errua, baina federazioarena da erantzukizuna»
Jokalaria pozik dago partida jokatuko delako, baina ofizialtasuna lortzeko oraindik ere lan asko egin behar dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu