Euskal Herriko Itzulia. Eguneko erreportajea

Gurpilak biraka jarraitzen du

Eibarko Txirrindularitza Elkarteak 85 urte bete ditu aurten, eta, omenaldi gisa, 1.300 argazkiz, zigiluz, garaikurrez, maillotez eta bideoz gizendutako erakusketa bat dago ikusgai Eibarren.

unai zubeldia
Eibar
2011ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Lan, ilusio eta kemen barik, ez dago helmugara iristerik». Louis Caputek lehenengo Eibarko Bizikleta irabazi zuenean esandakoa izan daiteke hori, 1952koa. Andres Arriagaren, Luis Otañoren edo Jose Luis Talamilloren filosofia ere azal dezake esaldi horrek. Txomin Perurenak ere lanari, ilusioari eta kemenari esker irabazi zuen 1970eko Eibarko Bizikleta. Eta Jan Ullrichek adinako kemena zuenik ez zegoen 1998ko Euskal Bizikletan. «Lan, ilusio eta kemen barik, ez dago helmugara iristerik». 1926an hasi zen pedalei eragiten Eibarko ume jaioberri hura, eta, 85 urteren ondoren, biraka jarraitzen dute gurpilek. «Eibar eta txirrindularitza binomioa elkarren ondoan egon izan dira betidanik», azaldu dio BERRIAri Moises Artaetxebarriak, Eibarko Txirrindularitza Elkarteko idazkariak. Eta, hain zuzen ere, binomio hori erakutsi nahi dute elkartearen 85 urteko ibilbidea omentzen duen museoaren bitartez.

1.300 argazki, garaikurrak, maillotak, bideoak, dokumentuak, egunkarietako dokumentuak, zigiluak, bitxikeriak… Apirilaren 30era arte diruz ordaindu ezin daitezkeen harribitxi ugari daude ikusgai Eibarko Portalea kultur etxean. Dieder Papanneauren 1980ko Corcho Zeuseko maillot zaharra, Jokin Mujikaren 1983ko Orbea Danena taldeko maillota, Gianni Bugno handiak 1991n Euskal Bizikleta irabazi zuenekoa, Igor Astarloaren Munduko Txapelketakoa, Samuel Sanchezen Olinpiar Jokoetakoa… Zuri-beltzetik kolore bizietara, pedalei eraginez egiten da bidea 85 urteko historian zehar. Maillotei eta irudiei begira, kosta egiten da sinestea ordukoa eta oraingoa kirol berbera direla.

Tropelean gerra hotsak espero dira gaur Arraten gora, eta ezin zitekeen bestela izan, armagintzan baitu jatorria Eibarko txirrindularitzak. I. Mundu Gerra amaitu berritan, erabilpenik gabe geratu zen Eibarko armagintza sektorea. Biltegiak armaz leporaino beteta geratu ziren, eta krisiaren atzaparretatik ihes egin nahian, «armagintzako teknika berberak baliatuta» hasi ziren bizikletak egiten. Eskopetak egiteko baliatzen ziren tutuak bizikletaren oinarri gisa erabili, eta aurrera. BH, Orbea, GAC… «1965-1970 ingururako sei bizikleta marka zeuden jada Eibarren», argitu du Artaetxebarriak. Ordurako indartuta zeuden pedal soinuak Eibar aldean.

GAC, lehen pausoa

Askoz lehenago erein zen, ordea, txirrindularitzaren hazia, 1926an, Eulogio Garatek GAC Txirrindularitza Elkartea sortu zuenean. Eibartarra izena hartu zuen berehala elkarte horrek. «Eibarko eta inguruko txirrindulariekin osatutako klub bat zen hura». Armak alboratu, eta harrobiaren filosofiari eutsita joan zen gorpuztuz Eibar-txirrindularitza binomioa. 1931n Club Deportivo Eibarres zena Eibarko Txirrindularitza Elkartearekin elkartu zen, eta San Joan Sari Nagusia antolatu zuten, hiriko aurreneko lasterketa. Hurrengo urtean jaio zen Errepublikaren lasterketa, eta atzetik etorri ziren Arrateko Igoera, Eibarko Bizikleta, Balentziaga Saria, Euskal Bizikleta, Euskal Herriko Itzulia… Ume koskorragoen lehen kolpea izan zen Eulogio Garateren lehen mugimendu hura.

Gaur egun mundu guztira iristen dira lasterketa garrantzitsuenetako irudiak, baina, ohore handiz, istorio polita kontatu du Jose Antonio Larreak, museoa antolatzearen arduradunetako batek eta Txirrindularitza Elkarteko kiderik beteranoenetakoak. «Espainiako Telebista Publikoak 1967an eman zuen lehen lasterketa, eta, hain zuzen ere, Eibarko Bizikleta aukeratu zuten egun handi horretarako». Batekin nahikoa ez, eta Larreak are ozenago azaldu du ETBk ere Eibarko ziklo-krosa aukeratu zuela 1987an txirrindularitzako lehen telebista irudiak emateko. Txirrindularitzaren habia garrantzitsua da Eibar.

Zuri-beltzeko argazkien moduan, zuritik bezala izan du beltzetik Eibarko Txirrindularitza Elkarteak. Urrutirago joan gabe, azken urteotako mugimenduen ondoren Euskal Herriko Itzuliaren pean geratu da Eibarren izena. «Baina guretzat ohorea da Euskal Herriko Itzuliko etapa bat Arraten amaitzea». Gurpilak biraka jarraitzen duela, hori da garrantzitsuena, balio duena. «Lan, ilusio eta kemen barik, ez dago helmugara iristerik». Filosofia horri helduta bete ditu 85 urte Eibarko Txirrindularitza Elkarteak. 620 bat bazkide dauzka gaur egun elkarteak, eta Arrateko santutegia zaindari dutela, pedalei eragiten segitu nahi dute etorkizunean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.