Gustuko sasoia du uda

Olaizolak II.ak zazpigarrenez irabaz dezake gaur Zarauzko Torneoa, Albisu lagun, Irujo-Laskurainen aurka

Aimar Olaizola, pilota bat eraman nahian, Gasteizko Torneoko finalean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2011ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Herriko jaietan da Aimar Olaizola, larunbatean hasi eta etzira bitarte Goizuetako festak baitira. Beraz, Zarautz Hiriko Torneoarekin bat egin dute. Baina ez aurten bakarrik, urtero baizik. Asegarceko aurrelariak, hala ere, ez dirudi parranda askorik egiten duenik herrian. Datuek, bederen, hala diote. Profesionaletan debuta egin zuenetik oso ongi jokatu izan du abuztuaren erdialdera, eta aurten ez da gutxiago. Udako torneo guztietan kutunena Zarauzkoa du; pilotaririk onena lau aldiz izendatu dute. Eta gaur zazpigarren aldiz jokatuko du finala, Albisurekin, Irujoren eta Laskurainen kontra (17:00, ETB1). Zalantzarik gabe, gustuko sasoia du uda.

Guztira sei aldiz igo da podiumera Olaizola II.a Aritzbatalde pilotalekuan. Aurtengoa kontatu gabe zazpitan hartu du parte, eta behin soilik geratu da txapelketatik kanpo. Jokatu dituen final guztiak, gainera, irabazi egin ditu. Lehen aldiz 2000. urtean aritu zen, debuta egin eta bi urtera, eta Zarautz Hiriko Torneoan duen sarien zakua betetzeari ekin zion. Lasa III.a lagun zuela, 22-18 irabazi zien Tirapu eta Belokiri, Aspe enpresarekin. Garai hartan atzelaririk onena zen Burlatakoa, baina 20 urteko gazte hark etorkizun oparoa zuela argi geratu zen.

Partida hura ikusi zuenak gogoan izango du Olaizola II.ak erakutsi zuen sendotasuna. Ez zituen tanto distiratsu asko amaitu, baina defentsan egindako lanari esker garaipena lortu zuen. Ordutik hona badirudi eskuin kolpean freskotasun apur bat galdu duela, baina beste gauza asko irabazi ditu. Errematean, bereziki, izugarri egin du hobera. Piloten bizitasunak eraginda, hori bai, jokoa aldatu du.

Bigarren titulua 2004an lortu zuen, Otxandorenarekin, eta hurrengo bi urteetan ere bera izan zen jaun eta jabe. 2005ean, Zearrarekin, eta 2006an, berriz ere Otxandorena kide zuela, erraz irabazi zuen. Andre Mari Zuriko Torneoko finalak Titin III.aren aurka galdu zituen urte horietan, baina Zarautzen errioxarrari ordaina hartu zion. Eta momentuz Aritzbatalden altxaturiko azken garaikurra 2009an eskuratu zuen. Mendizabal II.arekin batera —binakako txapeldun izan ziren urte horretan—, 22-12 hartu zituen mendean Bengoetxea VI.a eta Begino.

Olaizola II.a bezala, momentu gozoan da Laskurain ere. Udako lehen torneoa jokatzeko Aspek emandako aukera ez da alferrik galtzen ari Soraluzekoa. Finalerdietan partida ona jokatu zuen, eta bere lanari esker gailendu zitzaien Irujorekin Bengoetxea VI.ari eta Beginori (22-16). Eskuinez asko gozatzen ari da, pilota hormara ezin hobeto baztertzen du eta defentsan ere ongi dabil. 2007an, txapeldunorde izan zen Zarautzen, eta 2008an, txapel-dun.

Irujo eta Albisu, lehen aldiz

Bitxia bada ere, Irujok aurten hartu du parte lehen aldiz Zarauzko Torneoan. Profesionaletan hamar urte daramatza, baina ez du sekula jokatu izan. Erasorako pilotaleku egokia da Aritzbatalde, eta, hasiera batean, leku egokiada Irujorentzat. Aspeko aurrelariak bezala, Albisuk ere lehen finala du gaurkoa. Hori normalagoa da, urtebete pasatxo besterik ez baitarama profesionaletan.

Dirua parean irtengo da gaur, ez dago-eta faborito argirik. Irujok eta Olaizola II.ak elkarren aurkajokatzen duten aldi bakoitzean bezala, ikusmin handia espero da, etajendetza harmailetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.