Zuria edo beltza. Athleticek ez dauka erdibiderik. Ez behintzat emaitzei dagokienez. Lau partida jarraian irabazi ostean Europako Ligako postuetan sartzeaz gain, Txapeldunen Ligan zeuden taldeetara gerturatzeko gai izan zen Athletic. Baina bolada ona Sportingen aurka amaitu zen. Ordutik, orain arteko bidea okerra izan da oso. Jokatutako azken hiru neurketak galdu ditu. Bolada txarrean dago. Horrenbestez, bihar Zaragozan jokatu beharreko neurketan bi talde izango dira aurrez aurre irabazteko premiaz. Hori bai, Athleticeko jokalariek izango duten presioak ez dauka zerikusirik Zaragozako futbolariek izango dutenarekin, haiek mailari eusteko borrokan baitaude. «Guri galdutako azken hiru partidek behartzen gaituzte irabaztera. Bide onera itzuli behar dugu. Aurkaria, berriz, gaizki dago. Guk baino premia handiagoa du», esan zuen atzo Mikel San Josek.
Hiru partida jarraian galtzeak hausnarketa merezi du. Bistan da Athleticek baduela zer hobetu. Hala ere, ezin da ukatu talde zuri-gorriak garaipen askotan baino itxura hobea eman duela azken norgehiagoka bietan. Talde sendoa eta ezerosoa dela erakutsi du. Baina ez da nahikoa izan Mallorca, Bartzelona eta Valentziaren aurka punturen bat irabazteko. Arrazoia? Azken norgehiagoka bietakoa jakinekoa da. Bai Pep Guardiolak zuzendutako taldea bai Unai Emeryk zuzendutakoa Athletic baino hobeak dira. Bartzelona askoz hobea da, eta Bartzelona baino maila bat beherago dagoen Valentziaren kontra lehiatu ahal izateko apur bat falta zaio oraindik Athletici. Ez dago alde handia, baina zerbait falta da. Kalitate apur bat akaso. Kanpotik ikusten da hori. Barrutik, antza, ez dira gauzak harmailatik bezala ikusten. San Josek, behintzat, ez du hala ikusten. «Athletic ez zen Valentzia baino gutxiago izan. Aukera gehiago sortzeko gai izan ginen. Bigarren gola sartu izan bagenu..., bestelakoak izango ziren kontuak». Baina Athleticek ez zuen bigarrena sartu…; ikusi egin beharko da zer egiteko gai den Katedrala bisitatuko duten hurrengo bisitarien aurka: Sevillak, Real Madrilek, Vila-realek eta Realak zapalduko baitute, hurrenez hurren, San Mames. Aurkari horien kontra maila ona emanez gero, Europarako txartela bermatuta izango luke Athleticek. Europako Ligarako txartela, hain zuzen ere. Valentziaren kontrako porrotaren ostean ezinezkoa baita Txapeldunen Ligarekin amets egitea. Amets ere ezin da egin.
Navarroren 'antzerkia'
Ligako onenen artean sartuz gero, sasoi hasieran jarritako helburua beteko luke Athleticek. Ontzat eman beharko litzateke zuri-gorrien lana. Europarara ez sailkatzeak, berriz, min emango luke. Denboraldion baino bide errazagorik nekez aurkituko baitu etorkizunean. Batetik, kontuan izan behar da ligako zazpigarren sailkatuak saria izango duela —Espainiako Kopako finala jokatuko duten bi taldeak Txapeldunen Ligaran arituko direlako irekiko da ate hori—. Bestetik, Sevillaren eta Atletico Madrilen sasoi gorabeheratsua ere aprobetxatu beharra dago. Talde onak izan arren, ez dabiltza fin. Beraz,Europatik at geratzeak Athleticek berea eman ez duela erakutsiko luke. Min emango luke.
Fernando Llorentek egun buruan duen mina baino dezentez handiagoa. Athleticeko aurrelariari hiru puntu eman behar izan zizkioten herenegun buruan David Navarrok eman zion ukondokadaren erruz. Baina buruan jarri zizkioten grapak baino askoz mingarriagoa iruditu zitzaion Valentziako erdiko atzelariaren jarrera eta egin zuen antzerkia. «Navarroren gisako jokalariez neka-neka eginda nago. Min egitea gura duten futbolariak dira», salatu zuen norgehiagokaren ostean Llorentek. Bero-bero eginda agertu zuen prentsa aretoan.
Navarroren jarrera ezaguna da dagoeneko Lehen Mailan. Futbol munduan guztiek dakite nolakoa den. Aurrelarien eta atzelarien arteko borrokarekin zerikusirik ez duten sarrerak egitea eta kolpeak ematea du gustuko. Inork ahaztu al du Txapeldunen Ligako partida batean Inter Milaneko ia jokalari guztiek egurtu gura izan zuten neurketa? Ba, igandean bere alderik txarrena erakutsi zuen berriz ere. Llorente eta Javi Martinez odoletan utzi zituen. Arrazoi barik. Hala ere, Athletici askoz ere min handiagoa eman dio aurrelaria jo ostean izan zuen jarrerak. Bere burua lurrera bota ondoren, eskuohean atera behar izan zuten inolako minik izan ez arren. Jarrera horrek sutan jarri zituen zuri-gorriak. «Navarroren jarrera ez zen egokia izan», adierazi zuen atzo San Josek. Borja Ekiza hasiberria, berriz, ikusi zuena sinistu ezinda dago. «Harrituta nago David Navarroren jarrerarekin. Maila nagusiak denetarik du. Gauza on asko, baina baita horrelako kontuak ere».
Inolako zalantza barik, onartezina da Valentziako jokalariaren jarrera. Carlos Marchenak badauka oinordekoa. Baita Sergio Ballesterosek eta Pepek ere. Eta Ligan jokatzen duten beste futbolari batzuek. Batek baino gehiagok talde horretan sartzen ditu Fernando Amorebieta eta, batez ere, Aitor Ocio. Zer gertatuko da gasteiztarrak burua galtzen duen egunean? Navarroren jarrera salatzea zuzena da, baina gauza bera egin beharko litzateke etxekoak berdin jokatzen duenean. Valentzian adi egongo dira, ziur.
Gutxi, baina apur bat falta zaio
Valentziaren kontra galdu arren, lehiakorra dela berretsi du AthleticekAzken hiru partidak jarraian galdu ostean, puntu premiarekin zelairatuko da talde zuri-gorria bihar Romaredan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu