Gutxienekoa, benetakoa
Gupidarik eta laguntasunik gabeko derbia jokatuko dute gaur Anoetako zelaian Realak eta Athleticek
Gupidarik eta laguntasunik gabeko derbia jokatuko dute gaur Anoetako zelaian Realak eta Athleticek
x. lopetegi-H. gallastegi
Donostia-Bilbo
Realari gutxien axola diona gaurko aurkaria Athletic izatea da, eta beste horrenbeste esan daiteke Athleticez, baina alderantziz. Partida da berez garrantzitsua, eta derbia izatea gutxienekoa. Kontraesana badirudi ere, horrek askoz benetakoagoa bihurtzen du derbia bera, osagai nagusia daukalako: jokoan asko egotea, bientzat. Azken denboraldietan, egutegiagatik gehienetan, askotan egokitu izan dira derbi epelak, erakargarritasun handirik gabekoak. Ez litzateke seinale txarraizango euskal futbolarentzat gaurkoa ere halakoxea izatea, baina ez: giroa gori-gori egongo da, eta ez Zubiaurre auziagatik edo Undiano Mallenco izango delako epailea, baizik eta, funtsean, bizirik irauteko lehia delako gaurkoa. Galtzeko asko duten bi taldeen arteko tentsio hori da osagai nagusia.
Miguel Angel Lotinak argi utzi du derbia ez duela era berezian hartuko, une honetan nahikoa kezka badu-eta Realaren norabidea zuzentzen. Onerako zein txarrerako, partida mugarria izan daitekeelako irudipena dago Gipuzkoa aldean. Errealitate gordinean oinarritutako irudipena da, gainera. Izan ere, galduz gero, putzuaren iluntasunean galduko litzateke taldea, Sevilla eta Real Madrilen aurkako partiden atarian. Irabaziz, ordea, berriz ere sartuko litzateke borrokan eta gorakada hasteko konfiantza ere hartuko luke, derbiek askotan arnas berri bat ematen dutelako. Berdinketak ezer gutxirako balio dio.
Mailari eusteko, geratzen diren partiden erdiak irabazi beharko dituzte txuri-urdinek. Pentsatze hutsak zorabioa ematen duenez, hobe gaurko partidari heldu eta gerokoan ez pentsatu. Ez ditu gauzak erraz izango, Athleticek gol bakarra jaso baitu Manerekin etxetik kanpo jokatutako hiru partidetan, eta hobekuntza nabarmena izan duelako defentsan. Talde deserosoa bilakatu da eta horien kontra sufritzen du gehien Realak. Gainera, ekimena hartzera behartuta dago, premia handiagoa daukalako, eta ikusi beharko da egoera horretan oreka galdu gabe arriskua sortzeko gai den.
LABAKA ETA RIVAS DEIALDITIK AT. Jokalari fitxatu berriak eta Skoubo hasieratik jokatzeko moduan daude. Lotinak, hala ere, ez du hamaikakoaren inguruko pistarik eman nahi izan. Aspaldiko partez, jokalari gehienak aukeran dauzkala agerikoa da zerrendatik kanpo geratu direnei erreparatuta: Ansotegi, Labaka, Novo, Rivas eta Diaz Zerio (Stevanovic eta Alonso min hartuta daude). Hiru milioi euroko kostua duen euskarria, Rivas, harmailetan utzi eta Elustondo deitu du, berriz ere. Gerardo da itzuli den beste jokalarietako bat. Litekeena da entrenatzaileak Savioren kalitatea hasieratik baliatzea eta Skoubo ere hamaikakoan zelairatzea. Iragan denboraldiko derbian, bere debut egunean, hain justu, bereak eta bi egin zituen danimarkarrak Nihatekin batera eta orduan ikusi ahal izan zen jokalari bikaina egun bateko kontua ez zela izan erakutsi nahiko du.
Athleticek ez du babes handirik izango Anoetan. Inoiz baino gutxiago izango du. Zuzendaritzako kide gehienek Ibaiganen ikusiko dute neurketa. Zale zuri-gorriek ere ez dute aparteko interesik agertu. Gehienak ados daude Ana Urkijok eta bere kideek hartutako erabakiarekin, eta ez dira derbia ikustera joango. Halere, zenbait jarraitzaile zuzendaritzaren erabakiaren gainetik daude. Haiek, Anoetara joateko gogoa agertu dutenak, txuri-urdinen txarteldegira jo behar izan dute sarrera bila. Beraz, ez dira asko izango, baina egon, egongo dira.
Daudenak are eta gehiago ikusiko dira jokalariek euren maila ematen badute. Izan ere, zaleen babesa garrantzitsua izan arren, jokalariek eta teknikariek dute puntuak irabazteko gaitasuna eta ardura. Eta gaur jokoan dauden puntuek asko balio dute. Reala mendean hartu eta bederatzi puntura uztea garrantzitsua litzateke oso. Batetik, aurkaria hilzorian utziko lukeelako. Bestetik, bederatzi puntuko abantaila izateaz gain, euren arteko partidatan Athletic irabazle aterako litzatekeelako. Garaipena helburu nagusia eta garrantzi handikoa izan arren, berdinketa ere ez litzateke txarra izango. Aurkari zuzen baten aurka ez galtzea ezinbestekoa da. Etxetik kanpo bada, hobeto.
Lehen itzulian eskuratutako emaitzak aintzat hartuta, etxetik kanpo jokatzea ez da arazoa Athleticentzat. Orain arte erosoago aritu da San Mamesetik kanpo jokatu duenean. Gainerako talde gehienen antzera, jokoaren ekimena ez eramatea nahiko ondo aprobetxatu du. Ondorioz, kanpoan katedralean baino puntu gehiago irabazi ditu.
Etxetik kanpora eskuratutako emaitzak eta Manek talde zuri-gorriaren ardura hartu zuenetik defentsan izan duen hobekuntza dira Athleticek azken jardunaldietan izan duen gorakadaren ardatz nagusiak. Talde zuri-gorria sendoagoa da orain. Gainditzen zailagoa. Realaren aurka beste erronka bat izango du. Hasiera baten, hegalak dira talde txuri-urdinean zaindu beharreko jokalariak. Saviok ezkerrean eta Xabi Prietok eskuinean arazoak sortu diezaiekete zuri-gorriei atzeko lerroan. Expositok eta Casasek gogor egin beharko dute lan.
MARTINEZ, MIN HARTUTA. Realak egin dezakeenak arduratu arren, Athleticen kezka nagusia aldagela zuri-gorrian dago. Manek min hartuta ditu jokalari garrantzitsu asko. Halaber, Valentziako egonaldiko azken lan saioan Javi Martinez lesionatu zen. Orkatila bihurritu zuen, eta Manek denboraldiko jokalari garrantzitsuenetako bat galdu du . Nafarrak freskotasuna eman dio taldeari. Bere hanka luzeekin sekulako presioa egiten die aurkariei. Halaber, erasoan ere hegaleko gehienak gainditzeko gaitasuna duela erakutsi du. Joseba Garmendia da bere lekua hartzeko hautagai nagusia, nahiz eta Gabilondok ere izan dezake bere talde ohiaren aurka jokatzeko aukeraren bat. Gainerakoak Levanteren aurka aritu ziren jokalariak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu