Gutxienez, bi gol

Athleticek gol bat jaso du gutxienez ligan jokaturiko partidetan; beraz, eraginkortasuna erakutsi behar izan du puntuak lortzekoTaldeak harturiko arriskuak eta banakako hutsak dira dauden zuloen arrazoi nagusiak

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Ez dago zalantzarik. Athleticen ateak zuloak dauzka. Talde zuri-gorriak gutxienez gol bat jaso du ligan jokatu dituen zortzi jardunaldietan. Zortzi aurkarietatik seik gol bat sartu diote Iraizozi. Espanyolek bi egin zizkion, eta Betisek, hiru. Hamaika guztira. Beraz, bistan da Athletici kosta egiten zaiola Espainiako Federazioak neurketa hasieran talde bakoitzari ematen dion puntua defendatzea. Gutxienez gol bi sartu behar ditu hiru puntuak eskuratzeko. Eta, horretarako, lan ona dago egin beharra erasoan. Eta, bide batez, eraginkortasuna erakutsi behar da ate aurrean. Eta jakinekoa da norgehiagoka guztietan ezin daitekeela fin aritu. Golak sartzea baita futbolean lantokitik nekezena. Horregatik dira futbolaririk preziatuenak gol sena dutenak.

Golak sartzeko ardura duten jokalariak berez dutena baino presio gehiagorekin ez aritzeko, defentsako lana dauka hobetu beharra talde bizkaitarrak. Atea ondo zaintzeak konfiantza eta sendotasuna ematen baitie futbol taldeei. Arlo horretan, baina, asko dauka hobetzeko Athleticek. Erraztasunak ematen dituen taldea baita Bielsarena. «Guk helburu bi ditugu. Bata da aurkariari jokatzen ez uztea, eta bestea guk jokatzea. Bietako bat bakarrik egiten dugunean arazoak izaten ditugu», esan zuen entrenatzaileak herenegungo Valentziako partidaren ondoren.

Pentsatzekoa da gainerako talde guztiek ere antzeko xedeak izango dituztela zelairatzen diren bakoitzean —berdegunean egiten dutena kontuan hartuta behintzat, talde batzuek buruan aurkaria ezerezean uztea baino ez duten arren—. Kontua da Athleticek arriskatu egiten duela arrakasta lortzeko. Eta orain arte ikusitakoaren arabera, pieza guztiak lotu barik daude. Aurrean egiten du presioa talde zuri-gorriak. Baina aurkariak lehen lerro hori gainditzen duenean zulo handiak izaten ditu aukerak sortzeko. Kalitatea duten futbolarientzat egoera aproposa izaten da. Eta orain arte talde guztiek baliatu dute aukera bat edo beste.

Presioa ondo egitea ezinbestekoa da Athleticen defentsako lana egokia izateko. Baina horretarako jokalari aproposak ere behar dira. Ez baitaude jokalari asko futbolean ondo jokatzeko gai izateaz gain lanerako gaitasuna daukatenak. Bielsak etengabe mugitzen ari diren teknika oneko jokalariak zelairatzen ditu erdi aldean. Iturraspek eta Herrerak osatzen duten bikoa da haren gustukoena. Baina Herreraren lesioa tarteko, Muniainek eta De Marcosek ere sarri jokatu dute Javi Martinezen aurretik. Bada, aipaturiko lau jokalarietatik De Marcos da baloia berreskuratzeko erraztasuna duen bakarra. Beste hirurak oso ondo moldatzen dira baloia oinetan dutenean. Asko eman dezakete jokoaren ekimena Athleticena denean. Baina baloi gabeko beharra egiteko ez dira futbolari egokiak. Mugatuak dira. Horrek dakar zelai erdiko ordain saria ohikoa baino merkeagoa izatea aurkarientzat.

Baina Athleticen jokatzeko era ez da atzeko ahuleziaren arrazoi bakarra. Banakako akatsek ere eragin dituzte arazoak atea zaintzerako orduan. Gorka Iraizozen lana da aspaldian lupaz aztertzen ari direnetako bat. Athleticeko atezaina ez dabil fin. Inork ez dio eskatzen taldeari puntuak eman diezazkiola, oparirik ez egitearekin konformatzen da zalea. Konfiantza barik ari dela ikusten da zelaian. Eta badirudi pixkanaka-pixkanaka Athleticeko atezain askok eraman ezin izan duten zamari aurre egin ezinik ari dela. Dani Aranzubiak, Iñaki Lafuentek, Imanol Etxeberriak eta enparauek euren sasoian jasan behar izan zuten. Katedralaren zurrumurrua gero eta ozenago entzuten da Iraizozek jokoan parte hartzen duen bakoitzean. Oinarekin jokatzerako orduan arazoak ditu. Hori jakinekoa zen lehen ere. Baina, egun, bestelako jokaldi batzuetan ere antzematen zaizkio zalantzak atezain nafarrari. Eta jakinekoa da atezain batek sekulako garrantzia daukala talde baten jokoan. Eskularruak dituena konfiantzaz badago, lasai dago atzealdea. Hori gertatzen ez denean, berriz, ingurukoek ere ezagun izaten dute. Beraz, Athleticentzat oso da garrantzitsua atezainak bere buruan sinestea.

Iraizoz ez da izan akatsak egin dituen bakarra, dena den. San Josek, Ekizak eta Iraolak ere sekulako erraztasunak eman dizkiote aurkariari. Eskuin hegalekoa da proiektu berri honetan gehien sufritzen ari den futbolarietako bat. Ez dirudi entrenatzailearen gustuko futbolaria denik. Sekula ez da izan ona defentsako lanean, eta beti nabarmendu izan da gehiago erasoan. Baina mutil argia denez, beti jakin izan du bere gabezia ahalik eta gutxien azaleratzen. Era guztietako aurkariak zaintzea egokitu zaio profesional denetik, eta gehienetan txukun moldatu da. Beharbada aurreko sasoietan izan duen babesa falta zaio orain. Baina jakinekoa da Bielsarekin erasoko jokoa dela lehentasuna, aurkaria estu hartzea. Azken denboraldiotan ordezkaezina zen jokalaria aulkian edo aldagelara bidean ikustea ohikoa da egun. Kapitainak, ligan behintzat, ez du denboraldi hasiera ona egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.