Asteburu garrantzitsua du aurretik Bera Bera eskubaloi taldeak;EHF kopako hirugarren kanporaketa jokatuko du Anberes Belgikako taldearen aurka. Joan-etorriko bi partida izango dira, eta biak Donostian jokatuko dira: joanekoa, bihar, Gaska kiroldegian, 17:30ean. Itzulikoa, berriz, igandean jokatuko da, Egiako kiroldegian, 12:30ean. Jokalari guztiak jokatzeko prest izango ditu Reyes Carrere errenteriarrak. Ez du aitzakiarik, hortaz. Guztia alde dauka.
Aurkariari ez ezik, baina, azken asteetako egutegi gogorrari ere aurre egin beharko diote donostiarrek. Datu bat ematearren, hamar egun baino lehen bost partida jokatuko dituzte. Carrerek dio, halere, taldea ondo sentitzen dela. «Uste dut asteazkenean Castroren aurka jokatutako partidak ez duela eraginik izango asteburuari begira. Azkenean, emaitzak eta joko onak balio dute». Sasoi honetan lehenbiziko aldiz jokatuko ditu bi partida jarraian Bera Berak.
Biharko partidari eman dio garrantzi handiagoa Carrerek: «Inongo ezbairik gabe, oso-oso garrantzitsua izango da. Badakigu joan-etorriko partidak luze egiten direla. Horregatik, lehenengo partida horretan ahalik eta alde handiena lortzen saiatuko gara». Gauzak ongi egin izanaren lasaitasun horrekin iritsi nahi dute igandeko itzulerako neurketara. Indarrak ondo neurtu beharko dituzte. Baita aurkariak ere, «guretzat bi partida jarraian diren moduan eurentzat ere hala direlako»
Aurkaria, Anberes, ongi ezagutzen dute donostiarrek; 2005-2006 sasoian elkarren aurka aritu ziren EHF kopan. Nagusitasun handiz irabazi zuen ordukoan Bera Berak. Ordutik, baina, taldea asko aldatu da. «Lehen bost-hamar minutuek esango digute zer-nolako taldea den eta nolako jokoa duten. Euren liga, ez da Europako indartsuenetarikoa, eta irabazteko faboritoak garela uste dut», esan du Carrerek. Sailkapenean bosgarren postuan dago Anberes, zazpi jardunaldi jokatu ostean; hiru partida irabazi, eta gainerako laurak galdu egin ditu. Bera Berak, berriz, zortzi jardunaldi jokatuta, bost partida irabazi ditu; bat berdindu du eta beste biak galdu egin ditu. Behin-behineko sailkapenean hirugarren postuan dago.
Donostiarrek urtebete luze itxaron dute EHF kopan berriz aritzeko; iaz ez ziren sailkatu, eta horrek lehendik zuten baino motibazio handiagoa eman die jokalariei. Zaleen aurrean ariko dira, gainera. Carrerek, dena den, hankak lurrean ditu: «Oso argi izan behar ditugu bi gauza: batetik, gure buruarekin konfiantza izan behar dugu, eta, bestetik, umiltasunez jardun. Partida bakoitza irabazteko egin behar ditugun gauzak buruan izan behar ditugu beti». Joko aldetik, baina, alderdi batzuk hobetzeko dituztela aitortu du.
Etxean jokatzeak ematen duen abantaila ere alde du Bera Berak. Txapelketan ahalik eta urrunen iritsi nahi dute donostiarrek, eta hori lortze aldera, asteburuko kanporaketa pasatu.
Beste partida bat asteartean
Atsedenik hartzeko betarik gabe, ABF ligako bederatzigarren partida jokatuko dute asteartean, Mar Sagunten aurka. Partida garrantzitsua izango da hori ere, sailkapeneko goiko postuei begira, aurkari zuzena delako Valentziako taldea. Orain sailkapeneko bigarren postuan daude Herrialde Katalanekoak. Igandean jarriko dira horri begira, eta zeresan handia izango du asteburuan lortutako emaitzak. Entrenatzaile errenteriarraren arabera, irabaziz gero, goiko postuetan egoteko behar duten «egonkortasuna» lortuko lukete.
Guztia alde dauka
Bera Berak EHF kopako kanporaketa jokatuko du asteburuan, Donostian, Anberes Belgikako taldearen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu