Andoni Iraolarentzat (Usurbil, Gipuzkoa, 1982) 11. denboraldia izango da goreneko mailan. Aurreko hamar sasoietan ia 400 partida jokatu ditu elastiko zuri-gorriarekin. Kirol maila handikoa eta gorputzez indartsua izan behar da hori lortzeko. Zortea ere behar da, era berean. Sasoi honetan ere taldeko erreferentzia nagusietako bat izango da. Javi Martinezen afera piztu aurretik hitz egin zuen BERRIAk eskuin hegaleko gipuzkoarrarekin.
Europako Liga hasi da zuentzat, eta liga ere ate-joka dago. Hala ere, ez da erraza kirol arloko galderak egiten hastea. Denboraldi-aurrea nahasia ari baita izaten Athleticena. Zer iritzi daukazu zuk, esate baterako, Marcelo Bielsaren haserrealdiaren edota Fernando Llorentek hartutako erabakiaren gainean?
Urtero-urtero egoten dira zurrumurruak. Baina argi dago aurten gertatu denak muga guztiak gainditu dituela. Hala ere, guk lehen bezala jarraitu behar dugu. Llorente gurekin dago, gure artean jarraituko duela dirudi eta, beraz, haren ekarpena aprobetxatu egin behar dugu. Oso jokalari garrantzitsua da Athleticentzat. Ea denboraldi ona egiten duen. Horrek guztioi egingo baitugu mesede. Gainerako kontuak alde batera utzi behar ditugula uste dut.
Llorentek Athletic utzi gura duela jakinda, ez al da taldearen kalterako izango jokalaria aldagelan mantentzea? San Mamesen ez da giro izango, asko hitz egingo da haren etorkizunaren inguruan… Ez dirudi egoera aproposena denik.
Oso zaila da galdera horri erantzutea. Gauzak dauden moduan daude. Guk kirol arloari erreparatu behar diogu. Partidak aurrera atera behar ditugu, eta gero ikusiko dugu zer gertatzen den. Kirol arlotik kanpora zer gertatuko den ez dakit. Gu ondo ari gara lanean. Beraz, espero dut Llorenteren auziak taldeari kalterik ez egitea.
Josu Urrutia presidenteak ezbaian jarri du jokalari batzuek Athleticen inguruan duten sentimendua. Taldeko kapitaina zara, eta gutxik moduan dakizu aldagelan zer gertatzen den. Taldeak dituen gabezietako bat dela uste duzu?
Jokalariak Athleticen gaude Athleticen egon gura dugulako. Taldean denok dakigu zer ardura dugun. Aurreko denboraldian oso lan ona egin genuen, eta sasoi honetan ere antzeko maila erakutsi gura baldin badugu, futbolari guztiok izan beharko dugu burua Athleticen.
Denboraldi-aurrean zalantza asko sortu ditu taldearen jokoak. Triste antzeman zaizue. Slavenen aurka, esate baterako, larregi sufrituta egin zenuten aurrera. Hankak astun daudelako da, edo gauza gehiago dago zenbait partidatan erakutsi duzuen ezina azal dezaketenak?
Bistan da Kroazian ez genuela ondo jokatu. Horrelakoetan, aurrera egitea izaten da garrantzitsuena. Gauza asko ditugu hobetu beharra. Liga ate-joka dago, baina nik uste dut taldeak maila emango duela.
Aurreko sasoian egindakoaren parera ailegatzea ia ezinezkoa dela aintzat hartuta, zer eskatu behar zaio taldeari?
Gure asmoa aurreko denboraldiko jarrera berarekin aritzea da. Neurketa guztiei garrantzi bera emango diegu. Hiru txapelketatan lehiatuko gara. Ligan, iaz baino hobeto hasi nahi dugu. Hala, aukera gehiago izango du Europarako sailkatzeko. Beste bi lehiaketetan, Espainiako Kopan eta Europako Ligan, zorteak asko balio du. Era berean, oso garrantzitsua da egun txarrik ez izatea, gorabehera handirik ez izatea. Gu bete-betean zelairatuko gara.
Bielsak haize berria ekarri zuen Athleticera iaz. Haren joko proposamenak ilusio handia sortu zuen zaleen artean. Sasoi honetan ere antzeko Athletic bat ikusiko dugu?
Nik uste dut antzeko maila emateko gai izango garela. Taldeari dagokio ilusioa berritzea. Aurreko sasoian oso ondo egin genituen gauzak une batzuetan. Denboraldi honetan ere antzeko mailan aritu nahi dugu. Hori taldearen lana da.
Aritz Aduriz eta Isma Lopez dira fitxatutako biak. Zer emango diote taldeari?
Fitxatu ditugu, baina aspalditik ezagutzen ditugu. Biak dira erasoko jokalariak. Aritz ezagunagoa da. Badakigu zer emango digun. Isma ere garrantzitsua izan daiteke. Europako Ligako lehen kanporaketan erabakigarria izan da. Fitxaketa onak dira.
Nahiko etsita dago zalea. Hala ere, ligari begira baikor izateko arrazoiak badaude. Krisia dela tarteko, diru gutxiago ari da mugitzen. Horrek, inori mesede egitekotan, harrobia lantzen duten taldeei egiten die mesede.
Hala da. Dena dela, garrantzitsua guk egingo duguna da. Lehen urratsak okerrak baldin badira badakigu zenbat kostatzen den egoerari buelta ematea.
Gainerako taldeetan egon diren mugimenduak aintzat hartuta, zein izan daiteke sasoiko ezustekoa?
Ezustekorik ez da egongo. Liga osatzen dugun taldeetako kideok oso ondo ezagutzen dugu elkar. Argi dago bi talde egongo direla beste guztien gainetik; gero beste sei edo zazpi ariko gara Europarako txartela eskuratzeko lehian. Realak, esate baterako, fitxaketa onak egin ditu, eta maila txukuna eman du denboraldi-aurrean. Aurkari arriskutsua izan daiteke.
Liga ate-joka dago, baina zuek bestelako lan batzuk ere badituzue. Datorren astean Helsinki hartuko duzue. Esan daiteke zozketan zorte ona izan duzuela?
Europan asko kostatzen da aurrera egitea. Helsinkiren kontra ere etxean jokatu beharko dugu joanekoa. Emaitza ona behar dugu, Helsinki talde indartsu baita bere zaleen aurrean. Gainera, belar artifizialean jokatu beharko dugu.
11. denboraldia izango da zuretzat Athleticen. Jokalari beteranoa zara. Urteekin aldatu egiten da ligari aurre egiteko modua?
Urteek lasaitasuna ematen dute, baina ilusioa berdintsua da. Urteekin taldean gehiago pentsatzen da. Gazteak nahiko lan izaten du partidak jokatzearekin amesten.
Ia 400 partida jokatu dituzu. Martxa honetan Jose Angel Iribarren kopurura ailegatuko zara [614 partida jokatu zituen atezainak].
Polita da estatistikei errepaso bat eman, eta onenen artean nagoela ikustea, baina Iribarrek lortutakora gerturatzea ezinezkoa izango dela uste dut.
Asko jokatu duzu Athleticekin. Kirol ibilbidea osoa izateko, titulu bat falta da.
Ametsa da. Hiru final jokatu ditut, eta ez dut bakar bat ere irabazi. Lanean jarraitu beharko dut, inork ez baitaki noiz izango dugun beste aukera bat.
Futbola. 2012-2013 denboraldia: Athletic. Andoni Iraola. Athleticeko jokalaria
«Guztiok izan behar dugu burua Athleticen, aurreko sasoikora gerturatzeko»
Dio zaleen artean ilusioa sortzeak duela lehentasuna. Llorente, Athleticen geratzen bada, «garrantzitsua» izango dela gogoratu du. Javi Martinezen aferaren berririk ez zuen oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu