Zazpi puntura dauka Real Unionek salbazioa, liga amaitzeko hamalau jardunaldi falta direnean. Sailkapenean ederki hondoratuta dago, hortaz. Baina Iñaki Alonso entrenatzaileak herenegun emandako prentsaurrekoan adierazi zuenez, jokalariek ilusioari eusten diote. Bizirik daudela, alegia. Eta, bizirik daudenez, putzuaren sakonetik burua ateratzeko partida aproposa jokatuko dute gaur, Vila-real B-ren zelaian.
Puntuen behar gorria dauka Real Unionek. Beraz, galduz geroz guztiz hondoratuko litzatekeela esan daiteke. Alonsok berak onartu du: «Ez irabaztea oso-oso gogorra litzateke». Baina Vila-real B-ren zelaia ez da puntuak pilatzeko tokirik egokiena. Izan ere, partida bakarra galdu du bere zaleen aurrean.
Real Unionek, aldiz, lanak ditu etxetik kanpo puntuak lortzeko. Egin kontu: 11 partida daramatza Irundik urrun irabazi gabe. Sei hilabete. Baina Alonsok ez du amore eman nahi: «Bigarren Mailan jarraitzeko aukera baldin badaukagu, eta badaukagula uste dut, eta gure lanean sinesten baldin badugu, ziur nago lortuko dugula».
Alonsok aldaketak egingo ditu hamaikakoan, pasa den larunbatean Betisen kontra zelairatu zuen taldearekin alderatuta. Gerlo deialdian sartu da, aste batzuk min hartuta egon ondoren. Aitor Sanz zigortuta dago, eta Alcala eta Jauregi, min hartuta.
VILA-REAL B-REAL UNION
Vila-real B. Juan Carlos; Mario, Kiko, Catala, Oriol; Matilla, Insa, Hernan Perez, Cristobal; Jefferson eta Marco Ruben.
Real Union. Otermin, Deskarga, Gerlo, Iglesias, Lacruz; Romo, Beobide; Duran, Sergio Francisco, Duran; eta Brit.
Epailea. Ontanaya Lopez.
Lekua. Vila-realen Kirol Hiria (4.500 ikusle).
Lekua. 18:00 (ETB1).
Guztiz hondoratzeko edo burua ateratzeko partida
Real Unionek Vila-real B-ren zelaian jokatuko du gaur, eta irabazteko behar gorria dauka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu