Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Haedo ez da nahastu

Antolakuntzak azken metroetan jarritako biribilgunean preso gelditu dira txirrindulari asko, eta argentinarrak egin du aurreraCobok bost segundo irabazi ditu; Joaquim Rodriguezek 11 minutu galdu, erorita

enekoitz telleria sarriegi
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Trantsiziokoa. Horrela deitzen diote joanean lasai eta helmugan presaka amaitzen diren etapei. Sailkapen nagusira begira zeresan handirik izaten ez dutenei, kontatzeko ezer gutxi dutenei. Eta atzokoak, Palentziako La Olmedan hasi eta Errioxako Haron amaitu zenak, osagai horiek guztiak zituen hasi eta jokatu bezperan. Inork ez zekiena zen antolakuntzak azken metroetarako bazuela trantsizioko etapa horren trantsizioko ez bihurtzeko osagai bat-bateko bat: biribilgune bat. Bai, jauna; biribilgune bat esprintean amaitu behar zen etapa batentzat, zuzengune bete-betean, azken 300 metroetan. Ez edozein birigilgune, gainera. Ezkerreko aldetik hartzen zutenentzat bazuen irteera: helmuga. Eskuineko aldetik hartzen zutenentzat bazuen amaieran sorpresa: hesi sorta bat parez pare. Eta ezkerrera edo eskuinera egin behar horretan gelditu ziren asko preso. Etapa irabazteko faborito nagusiak bai, eta itzulia irabazteko hautagai nagusi batzuk ere bai.

«Normala ote da 200 kilometroko etapa batean bihurgune bakar bat ere ez izatea, eta 300 metro faltan biribilgune bat sartzea?», galdetu zuen Daniele Bennatik etapa amaieran. Hura zen irabazteko faboritoetako bat, eta haren alde egin zuen lan azken kilometroetan Leopard Trek taldeak. Baina haren taldekideak egin zuen biribilgunean eskuinera, ezkerrera egin beharrean, eta haren atzetik joan ziren Bennati bera eta etapa irabazteko beste faborito nagusia: Peter Sagan. Azken hori, gainera, biribilgunearen kontra jo eta erdi-erditik aurrera egitekotan ere izan zen. Nahasmen horretan, Juan Jose Haedo argentinarrak topatu zuen zirrikitua, eta, konturatzerako, parez pare ireki zitzaion Haroko helmuga. Beste etapa batzutan falta izan zaion zortea lagun izan zuela zioen amaieran. Pozarren zegoen hura, eta pozarren Cobo liderra. Fin ibili zen hura, eta ez zen nahastu. Vueltako errepideko gidan argi omen zetorren ezkerrera hartu behar zela biribilgunean, eta txirrindulariek jakin behar omen dute hori, baina abiadura horretan eta tentsio horretan nor akordatzen da errepideko gidarekin? Cobok gainditu zuen proba, eta haren kontrarioek bost segundo galdu zituzten. Joaquim Rodriguezek, berriz, erorikoa izan zuen 12 kilometro falta zirela, eta 11 minutu galdu zituen. Gaur, etapa erabakigarria: Oionen hasi eta Peña Cabarga gainean amaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.