Txirrindularitza. Italiako Giroa

Haize gehiegi buruan

Francisco Ventoso espainiarrak irabazi du Giroko bederatzigarren etapa, azken bihurgunean izan den erorketa baliatutaAssisin amaituko da gaurko etapa, bi igoera gogor eta harbide zati bat dauzkan muinoan

unai zubeldia
Donostia
2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Saiatuta ere ezin dute lortu. Ezin diote eutsi orekari. Lurretik bueltan dabil aurtengo Italiako Giroa. Ohi baino ero puntu bat gehiago omen daukate esprinter gehienek, eta Roberto Ferrarik (Androni), Matthew Gossek (Greenedge) eta Filippo Pozzatok (Farnese), behintzat, baieztatu dute uste hori lehen bederatzi etapetan. Biderik motzena eta logikoena zuzen-zuzen joatea zenean, eskuinera egin eta hankaz gora bidali zuen italiarrak Mark Cavendish (Sky), hirugarren etapan. Eta bihurgunea ondo hartzeko gehiegi zabaltzea ere beharrezkoa ez zenean, eskuineko hesiari hautsa kentzen hasi ziren australiarra eta italiarra, atzo; bi horiez gain, aurrera egin ezinda geratu ziren, besteak beste, Cavendish bera, Mark Renshaw (Rabobank) eta Tomasz Marczynski (Vacansoleil).

Buruan haize gehiegi dutela dabiltza esprinterrak azken metroetan. Eta gainerako txirrindulari azkarren gaitzak baliatuta, haizea alde izan zuen Francisco Ventosok (Movistar). «Ez naiz ondo sartu bihurgunean, baina erorketaren ondoren ikusi dut zirrizku bat bazegoela, eta hortik ekin diot esprintari». Nola ekin, gainera! Giacomo Nizzolok (RadioShack) metro politak hartu zituen azken zuzengunean, baina espainiarrak potentzia handiarekin utzi zuen ezerezean italiarraren ahalegina. Fabio Felline (Androni) saiatu zen Ventosoren gurpilari jarraitzen, baina gerturatzeko ere gai ez zen izan ia-ia. Movistarreko esprinterrak irabazi zuen iaz etapa bat Giroan, Fiuggin; eta irabazi du aurten ere beste bat, Frosinonen.

Tropelak bazekien esprinterako egoki-egokia zela etapa, baina, egunero bezala, etapa hastearekin batera sortu zen ihesaldia. Pierre Cazaux (Euskaltel-Euskadi), Martijn Keizer (Vacansoleil) eta Brian Bulgac (Lotto) joan ziren ihesean, baina Sky, Française des Jeux eta Greenedgeren lan onari esker, aldea nekez igo zen lau minutuko langatik. Denbora kontua zen, eta Keizerren azken ahaleginak tropelaren lana beste pixka bat luzatzea besterik ez zuen eragin. Bat eginda heldu zen tropela azken 17 kilometroetara, eta, ibilbideak indartuta, erasoari erasoa lotuta iritsi ziren azken bihurgunera. Dennis Vannendert (Lotto), Matteo Rabottini (Farnese), Joaquim Rodriguez eta Angel Vicioso (Katuxa), Pozzato bera, Felline ondoren, Adam Hansen (Lotto)... Alferrikakoak izan ziren ahalegin guztiak.

Tropelak jan zituen denak lehenengo, eta bihurguneak faboritoetako gehienak gero. Ventosoren mesederako. Bezperan Beñat Intxaustik (Movistar) egindako ahalegin politaren ondoren, Jon Izagirre (Euskaltel-Euskadi) saiatu zen atzo esprintean aurrean sartzen. 14. postuan helmugaratu zen azkenean ormaiztegiarra.

%15eko batez besteko aldapa

Civitavecchia eta Assisi artean, 186 kilometroko etapa jokatuko da gaur. Aldapa izugarririk ez daukan arren, oso gorabeheratsua da, eta amaiera da benetan arriskutsua. Izan ere, bi igoera motz baina gogor daude azken lau kilometroetan. Helmugara iristeko hiru kilometro eskas faltako direnean, %13,2ko batez bestekoa dauka 500 metroko tarte batek, eta %15eko zati bat ere badago gainera. Kilometro bateko jaitsiera azkar baten ondoren, gorako joera daukate azken 1,2 kilometroek ere. %8,5ekoa da azken zati horretako batez besteko aldapa. Eta zalaparta handia izango da azken kilometroan sartu ondorengo lehen 500 metroetan, kilometro erdi horren batez bestekoa %10,8koa izateaz gain, harbide zati bat ere badagoelako tartean. Aldapa etzanagoetan Joaquim Rodriguezek (Katuxa) eta Domenico Pozzovivok (Colnago) erakutsi duten joa ikusita, ikusgarria izango da gaurko etapa amaiera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.