Haizea erabakigarria izan zen atzo, Castroko banderan. Lehen txandan harrotzen hasi zen (10 kilometro orduko); bigarrenean, indarra hartu zuen (14 kilometro orduko), eta, hirugarrenean, zakar jo zuen (22 kilometro orduko). Horrenbestez, hirugarren txandako traineruak haizea alde zutenean ziztu bizian ari ziren, baina aurka zutenean aurrera egin ezinik zebiltzan. Bigarren eta lehen txandako traineruak erosoago aritu ziren. Pedreñak irabazi zuen bandera, denboraldiko aurrena. Bigarren txandan aritu zen Kaikurekin, Urdaibairekin eta Zarautzekin batera. Estropada bikaina egin zuen.
Lehia estua izan zuen Kaikurekin. Bizkaitarra trainerua bizi-bizi abiatu zen, eta buruan aritu zen azken txanpara arte. Kaiku Pedreñarengandik ihes egiten saiatu zen, baina ez zuen bere helbururik bete, tosta bateko aldeari eutsi zion Pedreñak estropada erdialdean. Azken luzean, gainera, palakadak bizitu eta branka erakutsi zion. Atzeman eta gainditu ere egin zuen Kaiku, helmugan. Azkenean, bi traineruen arteko aldea ez zen segundo batera iritsi ere. Pedreñak denboraldiko lehen bandera irabazi zuen, eta Kaikuk San Miguel ligako estropadarik onena egin zuen. Urdaibai izan zen hirugarren txanda horretan, Pedreñarengandik 20 segundora. Laugarren tokian izan zen azkenean. Zarautz iritsi zen azkena.
Castro, San Miguel ligako burua, hirugarren eta azken txandan aritu zen, Hondarribiarekin, San Pedrorekin eta Oriorekin. Hondarribiak ezarri zuen lauren artean markarik onena. San Pedro aritu zen aurretik hasieran, baina Hondarribia nagusitu zen ondoren, txandako hiru traineruekin tartea irekiz. Ama Guadalupekoa sasoi onean dago denboraldi bukaeran, eta estropada ona egin zuen atzo. Bosgarren denborarik onena egin zuen. San Pedrok eta Castrok borroka bizia izan zuten azken luzean bigarren postuaren bila. San Pedro iritsi zen aurretik, Castro gertu zuela. Bien artean segundo bateko aldea egon zen. Orio heldu zen azken postuan, Castrorengandik sei segundora.
Bukatzeko, lehen txandan aritu ziren Tiran, Meira, Zumaia eta Arkote. Tiran nagusitu zen marka aparta ezarriz. Galiziarrak hirugarren izan ziren Pedreñaren eta Kaikuren atzetik, 20 segundora. Aurretik aritu zen Tiran bere txandan, hasi eta buka. Zumaia iritsi zen bigarren postuan. Meirak eta Arkotek borroka bizia izan zuten estropadako une batzuetan azken postua saihesteko asmoz. Azkenean, Meira heldu zen hirugarren eta Arkote laugarren.
Gaurko hitzordua, Orion
Castrok sendo jarraitzen du San Miguel ligako sailkapen nagusian (158 puntu), atzo zazpigarren sailkatu bazen ere. La Marinera-k San Miguel liga irabaz dezake gaur Orion (Gipuzkoa). San Pedro da bigarren (133 puntu) eta Hondarribia hirugarren (123 puntu). Kaikuk Zarautz gainditu du, eta zazpigarren tokian da 86 punturekin, 79 ditu Zarautzek. Tiranek ere postu bat egin du gora, bederatzigarren baita 63 punturekin.
Orioko estropadak jokatuko dira gaur 12:00etan (ETB1). Traineruak ostegunean jokatuko den Kontxako sailkatze estropadari begira daude, eta horren arabera prestatuko dute gaurkoa, atzo egin zuten bezala. Lehen txandan, Tiran, Zumaia, Meira eta Arkote ariko dira. Bigarrenean, Pedreña, Urdaibai, Kaiku eta Zarautz. Eta, bukatzeko, lehenean, Castro, San Pedro, Hondarribia eta Orio. Etxean estropada ona egiten ahaleginduko da Orio.
Haizearen mende
Pedreña nagusitu da Castron, denboraldiko lehen bandera irabaziz eta Kaiku sailkatu da bigarren, garaileengandik segundo eskasera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu