Harrigarria da Bartzelonaren partida bukaeretako estatistikari begiratzea, eta jokalari denek zenbaki positiboak lortzea. Gutxitan bukatzen du norbaitek partida bat balorazio negatiboarekin, eta altxor handia da hori. Denek laguntzen dutela esan nahi baitu. Puntuekin, erreboteekin, asistentziekin, txapelekin, defentsa on bat eginda, baina lagundu. Taldea eraiki. Bestelakoan zaila baita ulertzen herenegun Real Madrili 60-68 irabazitako Espainiako Kopako finaleko bi jokalari onenak zeintzuk izan ziren ulertzea: Victor Sada eta Alan Anderson.
Anderson estatubatuarra izendatu zuten Kopako jokalari onena. Bi hilabete atzera NBAko Garapen Ligan jokatzen ari zen (NBDL), New Mexikoko Thunderbirds talde ezezagunean.Pete Mickeal bi hilabeterako lesionatu zen, eta Bartzelonak jokalaria fitxatu zuen hura ordezkatzeko. Ordezkatu, eta agian bere tokia irabazi, Andersonek maila ikusgarria eman duelako. Goraipatzeko modukoa izan zen, era berean, Sadaren lan ona. Bereak izan ziren finaleko zenbaki onenak, eta ezkutuan, anonimotasunean bizitzen ohituta dauden jokalarientzat ispilu ezin hobeak dira Koparen tankerako lehiaketak.
Sadaren jarduna erabakigarria da Bartzelonaren bide arrakastatsua ulertzeko. Langile fina den neurrian baita izar bat, taldeko nagusietako bat. Alegia, beste batzuek erakarriko dituztela kameren argiak, baina haien atzean daudenek ere merezi dituztela argiak eta loreak. Sada jokalari bikaina da, osoa. Defentsan aparta, fisikoki garaiezina, eta erasoan ardurak hartzeko gai, horretarako aukera ikusten badu. Juan Carlos Navarrok ez zuen final onik jokatu, baina Erazem Lorbek, Bonifce N'Dong, Sada, Anderson, Fran Vazquez eta beste azaldu ziren.
Andersonen fitxaketa botere erakustaldia dela esaten dute askok, eta ez zaie arrazoirik falta, soldata ona jasotzen duen jokalaria delako; baina zenbatetan fitxatu dira jokalari garestiak, eta espero zen neurririk eman ez? Ez da halakorik gertatzen Bartzelonan, edo gertatzen bada, oso gutxitan. Joan Creus zuzendari teknikoaren meritua da hori, fitxaketekin begi ona duen jokalari ohia. Etortzen diren guztiei erakusten zaie Bartzelona zer den; taldeak, blokeoak duela lehentasuna, izar guztien gainetik, eta balio horiek erabiltzeko eskatzen zaie denei. Konpromisoa, azken finean. Mickeal aho beroa ixilik geratzeko konpromisoa, entrenatzaileak deialdian ez sartzeko erabakia hartu duenean. Inork kexarik ez agertzea beste batek baino minutu gutxiago jokatzen dituelako. Harmonia. Arrakasta.
Euskal taldeak, eskas
Bilbo Basket final-laurdenen atarian geratu zen berriro, eta hirugarrenez jarraian, Baskoniaren aurka. Gertu egon ziren, baina etxera bueltatu behar izan zuten, lur jota. Kostas Vasileiadis eta Aaron Jackson ez direlako nahikoak Baskonia garaitzeko. Baskoniak final-laurdenak gainditu zituen, bai, baina ez zuen zereginik izan Bartzelonaren aurka. Hemeretzi puntugatik galdu zuen, eta bien arteko aldea hainbestekoa ez dela egia bada ere, ez da txikia. Euskal parte-hartzeari dagokionez, zaleen indarra izan zen onena. Bilbo Basketeko zaleena, 500 kideren neurrikoa, eta Baskoniaren 4.000 zaleena, neurri gabekoa. Horrek, ordea, inor ez du harritzen jada.
Hamabi langile, hamabi ugazaba
Bartzelonak hamaikagarrenez erakutsi du Kopan zeintzuk diren talde txapeldunen makuluak: bloke sendoa, berekoikeria falta eta guztien konpromisoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu