Hamabosteroko kontua

Athleticek ezin du oparirik egin gaur Levanteren zelaian irabazi nahi baduEuropara pasatu ahal izateko, ezinbestekoa da etxetik kanpoko bolada txarra etetea eta puntuak eskuratzen hastea

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Jokalariek ez dakite zer esan. Athletici etxetik kanpo jokatzea egokitzen zaion asteetan galdera berbera erantzun behar izaten dute. «Bolada txarra amaitzeko gai izango al zarete?», galdetzen dute kazetariek. Egun batean batek eta hurrengoan besteak. Era guztietako erantzunak eman dituzte jokalariek sasoia hasi zenetik. Baina, ia neurketa guztietan taldearen itxura eta emaitzak txarrak izan direnez, zer esan ez jakinda geratu dira. Normala. Jardunaldiak joan eta jardunaldiak etorri huts berberak egiten badira, aitzakiak ere bukatu egiten direlako. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea iritsi zaie jokalariei. Athleticek puntuak behar dituelako. «Hamabostero galdera berberak entzuten ditugu, eta erantzunak ere antzekoak izaten dira. Etxetik kanpoko bolada txarra amaitzea espero dut. Puntuak behar ditugu. Etxeko partidak bakarrik irabazita ez gara Ligako sei onenen artean sailkatuko; beraz, ez dugu Europan jokatuko. Bi partida irabaziz gero segidan, berriz, goiko postuetara hurbilduko gara», adierazi du aste honetan Carlos Gurpegik.

Futbol talde guztietako teknikariei dagokie aurkariaren dohainak eta gabeziak aztertu eta horren arabera norgehiagoka prestatzea. Egon ziur Joaquin Caparrosek eta haren lan taldeak Levante, gaurko aurkariaren inguruan jakin beharreko ia guztia jakingo dutela. Aste osoan nahitaez egin beharreko lana da eta. Gainera, gaur egun oso ondo ezagutzen dute talde guztiek elkar. Gaitza da talde batek beste bat ezustean harrapatzea. Baina Athleticek bereari erreparatu behar dio inori begira hasi aurretik. Athleticek konfiantza barik jokatzen du etxetik kanpoko partidetan. Ez da harritzekoa azken 11 hilabete pasatxoan Espainiako Ligan partida bakarra irabazi ostean —0-1 irabazi zion Herculesi, sasoi honetako estreinako partidan—. Bada sasoia hiru puntuen bidera bueltatzeko. Eta, era berean, bada sasoia neurriak hartzeko. Caparrosi dagokio hori. Izan ere, orain arte ez du aparteko ezer egin dinamika txarra amaitzeko. 4-4-2-ko joko sistemari tinko eutsi dio. Sistema horren barruan zenbait jokalari aldatu ditu, baina ez pentsa aparteko iraultzarik egin duenik. Neurri batean harridura ere sortzen du entrenatzailearen jarrerak. Izan ere, emaitzak onak izan balira, ez litzateke egongo aldatzeko arrazoirik, baina Athleticek daraman ibilbidearekin ez da oso logikoa hamaikako beretsuarekin betiko moduan jokatzea. Are eta gutxiago gauzak aldatzeko aukera izanda.

Aurrelari bat kendu (Toquero) eta hiru euskarrirekin jokatzea da askoren ustez kanpoan orain arte baino sendoago agertzeko aukerarik egokiena. Athletic opari asko egiten ari da atzealdean. Banakako hutsak larriak izan dira oso. Huts horiek gutxiago nabaritzeko, lerro artean zulo txikiagoak lagatzea izan daiteke irtenbiderik egokiena. Horretarako, zelai erdia indartzea izan daiteke aukera onena. Sasoi bikainean dago Gurpegi, eta ukiezina da Javi Martinez, eta bien atzean Orbaiz zelairatzeak eman diezaioke taldeari defentsan falta duen indarra. Jokatzeko era horrekin erreferentzia bat galduko luke Athleticek erasoan, baina, esate baterako, Javi Martinezek askatasun eta freskotasun gehiago izango luke errematera ailegatzeko. Gainera, orain arte, Athleticek ez du arazorik izan aukerak sortzeko. Abagune asko izaten ditu, eta eraginkorra da talde zuri-gorria. Beste aukera bat hiru erdiko atzelarirekin aritzea izango litzateke. Baina euskarrian jokatzen duten futbolarien kalitatea aintzat hartuta, ez dirudi aukerarik onena denik.

Aldaketak defentsan

Caparrosek ez du argitu gaur Valentzia Hiria futbol zelaian aritzeko joko sistema aldatuko duen edo ez. Seguruenik nahikoa lan izango du jokatu behar duten 11 jokalariak aukeratzen. Izan ere, lesioek batetik eta datorren asteartean Bartzelonaren kontra jokatu beharreko Kopako partidak bestetik, dezente aldatu baitezakete Athleticek gaur zelairatuko duen hamaikakoa. Atzeko lerroa goitik behera berritu dezake talde zuri-gorriko entrenatzaileak. Koikilik eta Amorebietak ezin izango dute jokatu —min hartuta daude biak, eta erdiko atzelariak, gainera, partida bateko zigorra bete behar du—. Castillo eta Ustaritz dira haien partez aritzeko hautagai nagusiak. Bestalde, San Joseren parte-hartzea ere kolokan dago, arazo fisikoak baititu. Jokatzen ez badu, Ociok ordezkatuko du. Beraz, Iraola da hasierako hamaikakoan leku bat bermatuta duen atzelari bakarra. Bestalde, David Lopez hamaikakora bueltatuko da aspaldiko partez. Errioxarrak aukera ona dauka taldeari laguntzeko moduko jokalaria dela erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.