Hamaika jokalari, hamaika aukera

Baskoniak lehen aldiz erabili zuen talde osoa Valladoliden; jokatzeko era anitz ematen dizkio horrek Dusko Ivanovici. Joey Dorseyk eta Reggie Williamsek jokatu dute gutxien, baina funtsezkoak dira.

Andoni Urbistondo.
2011ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Udazkenero jendea gripearekin nola, halaxe dabiltza Baskoniako jokalariak lesioekin, konpondu ezinik. Gasteizko taldeak urtero-urtero izaten ditu arazoak lesioekin sasoi hasieran, eta denboraldi honetako hasiera ere ez da salbuespena izan. Giharretako arazoak direla, kolpeak, hezur haustura txikiak, sabeleko arazoak… Beti sortu izan da bainaren bat, baina joan den igandean, Valladoliden (Espainia), aspaldi ikusi gabekoa gertatu zen: Dusko Ivanovicek 11 jokalari erabili ahal izan zituen. Hamabi ere bai, Unai Calbarro gaztea sasoitsu dagoelako, baina Santurtzikoa lan saioetan laguntzeko helburu xumearekin dago Baskonian, oraingoz.

Heurtel, Prigioni, Oleson, Pau Ribas, Williams, San Emeterio, Teletovic, Nemanja Bjelica, Milko Bjelica, Seraphin eta Dorsey. Ez da futbol talde bateko hasierako hamaikakoa. Ezta saskibaloi talde bateko hasierako bostekoa ere. Baskoniako jokalari zerrenda da. Gutxi-asko, denek jokatu zuten Pisuerga pabiloian igandean, eta berri ona da hori. Ivanovicek hainbat eskema eta joko molde erabili ditu urrian jokatutako zortzi partidetan, eta aukeratzeko orduan daukan aberastasunak taldea bera aberasten du. Oraingoz, jokoan. Luzera begira, ondo bidean, emaitzetan ere bai.

Buruko min handiak izan zituzten Ivanovicek eta Josean Kerejeta presidenteak uda garaian. Lamperen lesio larria izan zen lehen kolpe gogorra. Fitxaketak egiteko zalantzak etorri ziren ondoren. Berandu samar fitxatu zuten Williams, eta oso berandu Seraphin, Lituaniako Europako Txapelketa bukatu ostean. Espainiako Superkopa jokatu baino egun batzuk lehenago Dorsey. Berandu iritsi ziren Euskal Herrira Prigioni, San Emeterio, bi Bjelicak eta Seraphin, iraileko bigarren hamabostaldian, eta Williamsek geldirik egin behar izan zuen irail osoa, lan saio batean belauna bihurritu baitzuen.

Komeriak eta arazoak. Arazoak eta komeriak. Baina urriaren 30a iritsi zen, eta jokalari guztiak kantxaratu ahal izan zituen Ivanovicek. Hiru minutuz Dorsey, hatz bateko hezur hausturaren osaketari kalte ez egiteko, eta lau minutuz Williams, ahulduta gastroenteritisak jota egon ostean. Fisikoki prest egotea minutu kopurua baino garrantzitsuagoa da.

Saskipeko joko aberatsa

Baskoniak ondo hornituak ditu bat, bi eta hiru postuak. Heurtel eta Prigioni elkarren osagarriak dira. Oleson eta Ribas ondo ari dira hirukoetan, eta defentsa lanean, eta hegaleko postuan ere, badirudi San Emeterio esnatu dela (hamazapi puntu sartu zituen ligako azken partidan). Lau eta bost postuetan aberatsa da Baskonia, eta hainbat aldagai erabil ditzake Ivanovicek. Dorsey gabe, eta Seraphinek arazo fisikoak zituenean, Milko eta Nemanja Bjelica pibot bikotearekin jokatu izan du entrenatzaileak, ez bata ez bestea pibot petoak ez badira ere. Teletovicek ere dezente jokatu du saskipean, eta, egiari zor, ez da batere gaizki moldatu.

Aurrerantzean zer? Normalena Dorseyk pixkanaka gehiago jokatzea izango litzateke. Ivanovicek ez ditu batera kantxaratu oraindik Dorsey eta Seraphin, indar handiko bi morrosko, eta zaila izango da biak batera ikustea, antzeko ezaugarriak dituztelako biek. Seraphin hobea da, hala ere. Baina frantziarrak Baskonia utzi beharko du berandu baino lehen, NBAko lock-out-a konpontzen denean, eta hura falta denerako prest egon behar du Baskoniak. Milko eta Nemanja Bjielicak, Dorseyk eta Teletovicek hartu beharko dute Seraphin joan eta Lampe bueltatu bitarteko hutsunea estaltzeko ardura. Poloniarrak bizpahiru hilabeterako dauka, gutxienez, oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.