Iraupena. 68 minutu.
Pilotakadak. 208.
Saketik. Ezkurrak 7 eta Urrutiak 1.
Markagailua. 0-1, 1-1, 1-2, 6-2, 6-3, 8-3, 8-4, 14-4, 14-6, 15-6, 15-7, 16-7, 16-9, 18-9, 18-12, 19-12, 19-13, 20-13, 20-15, 22-15, 22-19, 23-19, 23-20, 27-20, 27-21, 29-21, 29-22 eta 30-22.
Bestelakoak. Galarreta pilotalekua jendez gainezka. Ezkurrak 24 tanto egin zituen eta 6 huts. Urrutiak, berriz, 16 tanto eta 6 huts.
Koteto Ezkurrak zailtasunen kontra ere badaki maisutasunez jokatzen. Hori erakutsi zuen atzo Galarretan. Dirua aurka zuen, eta, faborito izan ez arren, erraz nagusitu zitzaion Miguel Mari Urrutiari Kutxa Torneoko buruz buruko txapelketako finalean. Doneztebekoak hamaikagarren txapela eskuratu zuen hamalaugarren finalean. 1995ean lortu zuen lehena, eta atzo, hamasei urteren ondoren, bere palmaresa handitu zuen. Atzo beste behin erakutsi zuen buruz buruko nagusia zein den. Urteak pasatu arren —38 urte ditu—, sasoi onean dagoenean jokoan ez du parekorik. Eta atzo hala zegoen. Gainera, esperientziari esker, tentsioari eusten asmatzen du horrelako partidetan.
Hasieratik hartu zuen aurrea markagailuan. 3-2kotik aurrera une oro aurretik joan zen doneztebearra, 30era iritsi arte. Partida hasieran dirua aurka zeukan arren, berehala jarri zuen alde. Huts gehiegi egin zuen Saldiasko atzelariak; partidatik kanpo zegoela zirudien, eta huts horiei buelta eman ezinik ibili zen gero. Erreakzionatu zuenerako, Ezkurra 30etik hurbil zegoen.
Partida hasierako tantoetan apurtu zuen partida Doneztebekoak. 8-4koarekin sakez bost tanto egin zituen bata bestearen atzetik, eta 6-0eko partziala lortu zuen, hamar tantoko aldea lortuta (14-4). Alde polita zen final baterako, eta are gehiago Urrutiak jokoan jarraitutasunik ez zeukala ikusita. Hortik aurrera, lasai jokatzen jarraitu zuen Ezkurrak, era guztietako tantoak eginez: bi paretak, dejadak, atzean edo sakez. Beti lasaitasunez jokatu zuen Doneztebekoak. Urrutia partidatik kanpo zegoen, aurkariaren ikuskizunari begira. Saldiaskoa pixkanaka-pixkanaka partidan sartzen hasi zen, 14-5ekoarekin, batez ere. Bi pilotakada bikainen bitartez, tanto izugarria egin zuen, Ezkurrak eginiko huts bati esker. Tanto horrek morala eman zion, galduta zirudien partida irabazi ahal izateko. Ondorengo hiru tantoak jarraian egin zituen. Ezkurrari jarraitutasuna eteteko balio izan zion horrek, eta, bide batez, markagailuko aldea murrizteko. Ezkurra tentsio gabe jokatzen ari zen tarte horretan, eta hori eskatzen zion Iñaki Gaztelu laguntzaileak.
Ezkurraren azken estutua
Markagailuan hurbildu zen arren — 22-19 jarri zen Urrutia—, Ezkurrak bere jokoari eutsi zion, lasaitasunez, ahalik eta azkarren 30era iristeko. Baita lortu ere. Sakea berreskuratu zuenean, lau tanto egin zituen jarraian, eta 27-20 jarri zen aurretik. Eskura zeukan partida.
Ezkurrak gustura amaitu zuen partida. «Hasiera garrantzitsua izan da. Sakez min handia egin diot, eta abantaila polita lortu dut. Gero beherakada izan dut jokoan, baina sakea berreskuratu bezain laster buelta eman diot. Tarte horretan lasaitasuna mantentzea beharrezkoa izan da garaipena lortzeko», esan zuen Doneztebekoak. Garaipena Tomas Rekondo lagunari eskaini zion: «Lagun mina dut. Harreman handia daukat berekin, eta beti laguntzen dit. Beretzat da txapel hau».
Ezkurra 30. Urrutia 22
Hamaika txapel irabazteko jaioa
Koteto Ezkurrak irabazi du buruz buruko txapelketako finala, partida bikaina jokatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu