Espainiako Kopako madarikazioa hausteko aukera ezin hobea izango du Realak gaur Granadako Los Carmenes futbol zelaian. Urrun geratu da 1988ko otsailean Santiago Bernabeun lortutako garaipen gogoangarri hura, Gorriz, Bakero (bi) eta Begiristainen golei esker (0-4) finalerdietan Real Madril txiki utzi zutenekoa. Ordutik, ez da gai izan Lehen Mailako beste inor kaleratzeko. Hiru golen errenta ederra eskuratu zuen joanekoan Anoetan, eta horrek nahikoa behar luke lasai egoteko.
Hain zuzen, norberaren buruarengan uste gehiegiz jokatzea izan ohi da halakoetan bekatu larriena, eta Philippe Montanierrek ahaleginak egin ditu jokalariak zirikatzen. «Granada sasoiko dagoen talde gogorra da, ligako azken bost partidetan hamar puntu pilatu duena. Duten guztia emango dute hasieratik, eta guregan ez du tokirik aurreko astekoak. Emaitza bolada onari segida ematea da helburua».
Frantziarrak gustuko txapelketa du Kopa, eta joaneko partidako errezeta berbera erabiliko du hamaikakoa osatzerakoan: asko eta gutxi jokatzen ari direnen arteko nahasketa. Hala, honako talde hau zelaira dezake: Zubikarai, Cadamuro, Ansotegi, Iñigo Martinez, De la Bella, Aranburu, Mariga, Pardo, Sarpong, Prieto eta Llorente. Talde lehiakorra da, inondik ere.
Klubaren baimenarekin, Bravo eta Griezmann oporretan dira jada, eta Velak eta Mikel Gonzalezek ere atseden hartuko dute. Gainontzekoek beste hainbeste egingo dute neurketa amaitu bezain laster. Gaur zortzi itzuliko dira Zubietara.
GRANADA-REALA
Granada. Roberto; Nyom, Siqueira, Iñigo Lopez, Diakhate; Fran Rico, Abel Gomez; Franco Jara, Dani Benitez, Ighalo eta Geijo.
Reala. Zubikarai; Cadamuro, Ansotegi, Iñigo Martinez, De la Bella; Aranburu, Mariga, Pardo; Sarpong, Prieto eta Llorente.
Epailea. Mateu Lahoz.
Lekua. Los Carmenes.
Ordua. 21:00 (Canal + Liga 2).
Hamaikako lehiakorra osatuko du Montanierrek, lorik ez hartzeko
Kanporaketa ongi bideratuta eduki arren, txuri-urdinentzat ona litzateke emaitza bolada baikorrari eustea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu