Futbola erronkaz beteta dago. Beti dago zer hobetua. Kontua da bidean agertzen diren oztopoak eta hesiak gainditzen joatea: falta bat jaurti behar duen jokalariak giza hesia gainditu gura du; armairuan utzitakoa berreskuratzeko ere, askoz zirraragarriagoa da gauez etxe horretako hesia gainetik pasa eta inork jakin gabe hartzea, txirrina jotzea baino. Bada, Athleticek aspalditxoan gainditzea lortu ez duen harresi bat pasatzeko gogoa dauka: Espanyolen gotorlekukoa, hain zuzen ere.
Zuri-gorrientzat ia ezinezkoa da Espanyolen zelaian irabaztea. Arrazoi bat edo beste tarteko, azken hamalau urteotan ezin izan dute irabazi. Urte asko dira. Larregi. Pentsa, azken garaipeneko protagonista Julen Guerrero izan zen. Berak sartu zuen garaipenaren gola. Aulkian, berriz, Luis Fernandez zegoen. Ordutik lau berdinketa baino ez. Espanyol sailkapenean goian edo behean egon, azken emaitza beti izan da beretsua. Sarri kosta egiten da zergatiak aurkitzea.
Espanyoli egin beharreko bisita deserosoa izan arren, ez du esan gura Cornellan irabaztea ezinezkoa denik. Baikor egoteko arrazoi bat baino gehiago aurki daiteke. Espanyolen sasoi hasiera izan daiteke kontuan hartzeko xehetasun bat. Mauricio Pochettinok zuzentzen duen taldeak orain arte jokatutako hiru norgehiagokak galdu egin ditu. Beraz, ez dago konfiantzaz gainezka taldea.
Bestalde, jakina da oraingo Espanyolek joko erasokorra eta ausarta egiten duela. Beldurrik gabe jokatzen duela, alegia. Bada, horrelako taldeen kontra ondo moldatzen dira Bielsarenak. Beraz, zergatik ez da, bada, lehortea gaur amaituko? Horretarako, Fernando Amorebietaren ekarpena izango du taldeak. Defentsari sendotasuna emango dio erdiko atzelari ezkerrak. Zelai erdian, berriz, Iturraspek aurrea hartu dio San Joseri aste barruan izan duten lehian. Aulkian, berriz, Fernando Llorente eseriko da. Han egongo da morboa. Eta, bide batez, Athleticek behar-beharrezkoa duen normaltasuna.
ESPANYOL-ATHLETIC
Espanyol. C. Alvarez; J. Lopez, R. Rodriguez, H. Moreno, Capdevila; Victor Sanchez, Tejera; Rui Fonte, Verdu, Wakaso; eta Stuani.
Athletic. Iraizoz; Iraola, Gurpegi, Amorebieta, Iñigo Perez; Iturraspe, De Marcos, Muniain; Susaeta, Isma Lopez; eta Aduriz.
Epailea. Perez Montero.
Lekua. Cornella-El Prat (40.000 ikusle).
Ordua. 12:00 (C+L / Gol TV).
Hamalau urteko lehortea amaitzea gura du Athleticek
Marcelo Bielsak estreinakoz sartu du Fernando Llorente deialdian, Espanyolen aurkako partidarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu