Hamar minutuko partida

Realaren eta Celtaren aurka hamar minututan sartutako bost golei esker eutsi dio Alavesek mailari, estu-estu

unai zubeldia
2008ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Realaren aurka, 92. minutuan, 1-2 galtzen ari zen Alaves. Bigarren B Mailan zegoen une hartan. Klubaren etorkizuna kinka larrian, eta denboraldi guztiko lana hankaz gora. Zaleak etsita, eta jokalariak etsitzear. Baina hortxe agertu ziren Jairo eta Toni Moral. Lau minutuan bi gol, 3-2, eta negar malko artean, bizi-bizirik oraindik. Baina Realaren aurkako sufrimenduarekin ikasi ez balute bezala, herenegun ere kinka larrian zegoen Alaves 65. minutuan. Lehen zati negargarria eginda, Celtaren aurka, Balaidosen, 1-0 galtzen. Gertu zegoen amildegia, bi gol behar zituen Alavesek, eta harmailetako 1.500 zaleen babesa ere alferrikakoa izango zela zirudien. Baina Alavesek badauka bizirik jarraitzeko kasta berezi bat. Sei minutuan, di-da. Aganzo, Gabri eta Toni Moral. 1-3, eta Bigarren Mailan jarraitzeko txartela poltsikoan.

Denboraldi guztian ezinean, arrastaka eta presioak janda ibili ostean, kale edo bale egin behar izan duenean berpiztu da Alaves. Ez da erraza ulertzen, hainbeste sufritzea merezi duen ere zalantzan jar daiteke, baina Alavesek bizirik irauteko grina daukala erakutsi du. Eta hortik atzera denboraldi guztian zer pasatu den? Dena eta ezer ez. Lehen hiru partidak galdu egin zituen Alavesek, Gimnastic (2-0), Malaga (0-1) eta Sevilla B-ren aurka (1-0), eta hurrengo hirurak berdindu, Cadiz (1-1), Granada 74 (2-2) eta Teneriferen aurka(0-0). Lehen 18 puntuetatik hiru soilik eskuratuta, 20. postuan zegoen Alaves seigarren jardunaldian. Ordurako airean zegoen Josu Uriberen etorkizuna.



BI PARTIDA JARRAIAN IRABAZI EZINIK. Hurrengo bi jardunaldietan sei puntu lortu zituen, ordea, taldeak, Salamanca eta Herculesen aurka, eta jaitsiera postuak hiru puntura utzi zituzten. Jarraikitasun falta izan da Alavesen gaitzetako bat. Ezin bi partida jarraian irabazi. Salamanca eta Herculesen aurka jarraian irabazi zuenetik, batean altxatu eta hurrengoan erori, horrela ibili dira gasteiztarrak. Realaren eta Celtaren aurka lortu dituzte, bigarrenez, bi garaipen jarraian. Horrekin dena esanda dago. Bolada txarrak, berriz, nahi adina izan dira. Herculesen aurkako garaipenaren osteko lau partidetan, esaterako, hiru puntu besterik ez zuten lortu; lehen itzuliaren amaieran eta bigarrenaren hasieran puntu bakarra lortu zuten; 25. jardunalditik 29.era hiru; eta bi partidako azken txanpa ikusgarriaren aurreko bost partidetan lau puntu -lau berdinketa-. Taldeak ez du eman barruan zeukanaren erdirik ere, 11 astez egon da Bigarren B mailara jaisteko postuetan, baina, bere txarrean, bizirik jarraitzea lortu du behintzat.

Eta hala nahi duenarentzat, etorkizunerako ikasgai bat baino gehiago jaso du taldeak denboraldi guztian. Fernando Ortiz de Zarate presidentearen lehen denboraldian Alavesek ez du gutxieneko egonkortasunik izan. Otsailaren 18an kendu zuten kargutik Josu Uribe, eta Julios Bañuelosek hartu zuen taldearen ardura, «behin-behinean». Jose Maria Salmeron entrenatzailea aurkeztu zuten hurrengo astean, eta bi aste geroago lehertu zen egoera, Carlos Lasheras kirol zuzendariak kargua utzi zuenean. «Nire lana zalantzan jarri dute», esan zuen. Tartean, Mikel Etxarri fitxatu zuten oinarrizko futbolaren arduradun izateko, Martin Astudillo Osasunara joan zen utzita, neguko merkatuan Jose Luis Cabrera, Jairo Alvarez eta Dalibor Stevanovic fitxatu zituzten; Cabrerak min hartu ondoren, Adrian ere bai... Zorionez, hamar minututan konpondu dute denboraldia, baina hobe dute denboraldi honetako ikasgaia azkar ikastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.