Hamargarren aukera

Osasunak puntu premia larria du, eta Atletico Madril aurkari zaila den arren, sasoiko lehen garaipena lortzea da helburua

2008ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Atletico Madril hartuko du gaur Osasunak Nafarroako Erresuman.Gorritxoek badakite partida zaila dela, baina ez dago aitzakiarik. Denboraldiko lehen garaipena eskuratzea behar-beharrezkoa da Jose Antonio Camachoren mutilentzat. Eta espainiar entrenatzaileak aldaketak egiten jarraituko du. Atzealdea ez du ia batere ukituko -Puñal min hartuta da eta Vadocz hungariarrak ordezkatuko du euskarri bikoitzean-, baina aurrealdean hamaikagarren iraultza izango da: Jokin, Font eta Solaren ordez Plasil, Ezquerro eta Portillo ariko dira gaur. Europako Liga guztiak aintzat hartuta gol gutxien egiten duen taldea da Osasuna, eta aurrelariekin probak egiten jarraitzen du Camachok, lehenbailehen asmatu beharra daukala ahaztu gabe.

«Mundu guztiak norabide berean bultzatzen duen klub bakarrean egon naiz, Osasunan», esan du aste honetan Camachok. Denbora gutxi darama Iruñean, baina dirudienez gustura da klubean eta inguruan aurkitu duenarekin. «Lehen %100ean jokatzera behartuta bageunden, orain %110ean jokatzera behartuta gaude», esan zuen atzoko entrenamenduan ehunka zaleren babesa izan zutela ikusi ostean. Hala eta guztiz ere, Camachok badaki emaitzek agintzen dutela futbolean, eta Osasunak ez du emaitza onik lortu sasoia hasi zenetik.

Lau berdinketa eta bi porroten ostean bota zuten Jose Angel Ziganda. Camachorekin, hiru porrot jaso dituzte gorritxoek jarraian. Haren etorrerak jokalariak suspertzeko balioko zuela uste zutenak oker zeuden. Entrenamenduetan nabaritu da ilusioa jokalarien artean -Zigandarekin batere jokatzen ez zutenen artean gehienbat-, baina partidetan ez da inolako erreakziorik ikusi. Lau gol jaso zituen Osasunak lehen sei jardunaldietan, eta bi bakarrik egin. Hurrengo hiruretan bost gol jaso dituzte, eta bakarra egin.

Klubaren inguruko batasunak Camacho poztu arren, denboraldiko lehen garaipena eskuratu beharra dauka Osasunak lehenbailehen. Batasunaren suari emaitza onen egurra bota beharra dago suak eta batasunak iraungo badute.

Aurrelari eta atzelari txarrenak

Atletico Madril aurkari zaila dela argi dago, baina Javier Aguirreren taldearen estatistikak aztertuz gero, baikortasunerako arrazoirik ere izan dezakete gorritxoek.

Bartzelona(28), Real Madril (24) eta Valentziaren (20) atzetik Atletico Madril da gol gehien egiten duen taldea: 19 gol egin dituzte lehen bederatzi jardunaldietan. Sporting (22), Numancia (17) eta Athleticen (17) atzetik, gol gehien jasotzen duen taldea ere bada Atletico Madril, dena dela: 16 gol jaso dituzte. Osasunaren gaitza aurrealdean dago. Gaur, Ligako aurrelari eskasenek -Osasunakoek- lehiaketako defentsarik kaskarrenetakoak izango dituzte aurrean -Atleticokoak-. Zenbakiek hori diote behintzat.

Gainera, Osasunak gol bat baino alde handiagoarekin menderatu azken taldea Atletico Madril bera da. 2008ko otsailaren 24an izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.