Kimi Raikkonenek lortu zuen atzo Europako Sari Nagusirako pole-a. Lewis Hamiltonek istripua izan zuen, eta horrek erabaki zuen saioaren amaiera. McLaren taldeko gidariak arazo bat izan zuen autoarekin zirkuituko bihurgune azkarrenetakoan, eta hesiaren kontra kolpe gogorra hartu zuen. Ez dago argi gaur parte hartuko ote duen.
McLareneko Ron Dennisek argitu zuenez, gurpilak estutzeko pistolarekin izandako arazo batek eragin zuen Hamiltonen istripu bortitza. Aurrealdeko eskuin gurpilaren loturak ez zuen behar bezala lan egin, eta Michael Schumacher deituriko kurba azkarrean zuzen irten zen errepidetik, pneumatikoz osatutako hesiaren kontra. Berehala konturatu zen istripuaren gogortasunaz. Hankak mugituz ahal bezain laster autotik ateratzen saiatu zen, baina istripuaren bortiztasunak ahulduta utzi zuen, eta ez zen gauza izan autotik bakarrik ateratzeko.
Horixe izan da Hamiltonek izan duen istripurik larriena, eta 1 Formulan lasterketa gutxiren buruan gertatu den bigarren istripu larria. Gainera, kolpearen unean ez zuen bolantea askatu, eta litekeena da eskumuturretan ere min hartu izana. Normalean, esperientziadun gidariek bolantea askatu egiten dute azken unean, eta eskuak burura eramaten dituzte, istripuan eskumuturrak babesteko. McLareneko gidari gazteak ez zuen halakorik egin eta horrek kalteak handiagotu egin zituen.
Oraindik ikusteke dago Hamiltonek gaurko lasterketan parte hartu ahal izango ote duen. Istripuaren itxura ikusita, bi aukerak dira posible. Gainera, erabakia ez da soilik bere gain egongo. Gidariak berak jarraitzea erabakitzen badu ere, FIAren medikuek egingo dioten azterketa gainditu beharko du. Kubikaren kasuan, esaterako, korritu egin nahi zuen AEBetako Sari Nagusian, baina medikuek ez zioten baimenik eman. Horrez gain, Hamiltonek korritu ahal izateko, autoa goitik behera konpondu beharko dute eta horretarako FIAren baimen berezia behar da, legez ezin baita autoa lasterketa aurretik ukitu. Atzo arratsaldean «oso ondo» zegoela adierazi zuen Hamiltonek, eta lasterketa korritzeko irrikan zegoela. Dena dela, ateratzen bada ere, hamargarren tokitik aterako da. Haren garaipena ia ezinezkoa da beraz.
Azkenean Hamilton korritzeko gauza ez bada, McLarenek ezingo luke beste gidaririk erabili, nahitaezkoa baita sailkapen saioan parte hartzea. Alonso, Massa eta Raikkonenentzat aukera ona izango litzateke sailkapenean gora egiteko, eta txapelketa estutzeko. Lehen postua inork kenduko ez badio ere, Alonsoren hamabi puntuko desabantaila behera etor daiteke. Itxuraz, Raikkonen ondo kokatua dago, lehen postutik irteteaz gain, Alonso baino astunago doala dirudielako. Zail dute gaur gainerakoek Raikkonenen beste garaipen bat saihestea.
Hamilton, zalantzan
Raikkonenek lortu du denborarik onena Alemanian, eta Hamiltonek istripu larria izan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu