Handi baten itzulera

Suzukako zirkuitu historikoan jokatuko da Japoniako Sari Nagusia, bihar goizean; Buttonek txapela irabaz dezake

Laurentzi Garmendia
Donostia
2009ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Bi urte eman ditu Suzukak Munduko 1 Formulako Txapelketatik kanpo, tarte horretan Fujik antolatu baitu Japoniako Sari Nagusia. Aurten txanda Hondaren zirkuituari zegokion berriro, eta gidari gehienek, zaleek bezala, gustura hartu dute hori. Suzuka munduko zirkuitu onenetakoa da, historikoa ere bai, eta Japoniak 1 Formulan duen garrantziaren lekuko. Gainera, Button txapeldun bihur daiteke han.

Suzuka John Hugenholtz diseinatzaile holandarrak diseinatu zuen, 1962an, baina hala ere 1 Formula 1987an bakarrik iritsi zen. Ezohiko zirkuitua zen, zortzi formakoa, zirkuitua bere buruarekin gurutzatzen baitzen. Baina horrek berak eman zion ezaugarri berezia: oso zirkuitu zorrotza da. Beste pisten alboan, Suzuka zirkuitu konpentsatua da, eskuinera nahiz ezkerrera dituelako bihurguneak. Zirkuitu normaletan eskuinera dira bihurguneak, eta erlojuaren orratzen zentzuan korritzen dira. Beste gutxi batzuk, kontrako zentzuan korritzen dira, eta, gidarien lepoak horretara ohituak ez daudenez, fisikoki gogorrak dira.

Suzukak bietatik du, eta bihurgune mantsoez gain, oso azkarrak ditu. Autoa egoki prestatzea erronka galanta da ingeniari eta gidarientzat, zirkuituaren izaera desberdinagatik zaila baita luzera osoan erantzun ona ematen duen autoa lortzea. Horregatik Suzukako garaipen zerrendan ez dago kasualitatez irabazten duenik inor. Azken hamasei urteetan munduko txapeldunek bakarrik irabazi dute: Alonso, Schumacher, Raikkonen, Hakkinen, Hill, Senna... Ayrton Sennak eta Alain Prostek Suzukan izandako tirabirak oso ezagunak izan ziren. Frantziarrak, baina, ez zuen inoiz irabazi Japonian, eta brasildarrak, aldiz, bitan.

Buttonen lehen aukera

Jenson Button bera munduko txapeldun izan daiteke, aurreko horiek bezala, bihar bertan. Horretarako, Rubens Barrichello taldekideak baino lau puntu gehiago beharko ditu, momentuz hamabost puntu baititu alde. Baina ingelesa aspaldi ez da agertu aurreko postuetan, Italian salbu, eta, seguruenik, bien arteko lehiak Brasilen jarraituko du. Han pozez gainezka egongo lirateke, behin Rio de Janeirok Olinpiar Jokoetarako enkargua jasota, Rubinho ere bultzatuz.

Suzuka zirkuitu ezezaguna da1 Formulako gidari batzuentzat. Aurten debuta egin dutenentzat, Alguersuari, Buemi eta Grosjeanentzat, beste zirkuitu bat da, aurreko guztien modura ikasi beharrekoa. Baina Lewis Hamilton eta Timo Glock ere lehen aldiz ariko dira Suzukan 1 Formula auto batekin. Goi mailako gidariak dira eta berehala egokitzen dira edozein pistatara, baina atzo Timo Glockek sukarra zuen eta ezin izan zen pistan aritu.

Biharko lasterketa Euskal Herrian goizeko zazpiak direnean korrituko da, eta ordutegi hori duen lasterketa bakarretakoa da aurten, Ecclestonek ordutegi guztiak europarren gustuetara egokitu nahi baititu. Atzo euria izan zuten gidariek bigarren saioan, eta biharko edozer gerta daiteke. Brawn autoentzat eta Red Bullentzat zirkuitu egokia da Suzukakoa, baina azkenaldian beti sartu da beste talderen bat aurreneko postuetan. Mc-Laren beti ondo aritu da Suzukan eta KERSa laguntza ederra izango da azken txikanetik irtetean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.