Azken unean Girora joan, Mikel Landaren (Sky) alde gogotik lan egin, murgiarra ezinean gelditu zenean hari lagundu, eta, taldeburua etxera joandakoan, mendiko lehen etapa irabazi. Balentria egin du Mikel Nievek (Sky) Italiako Giroan. Skyk kolpe latza hartu zuen Landa erretiratu zenean, baina daukan mailaren berri eman du leitzarrak beste behin ere. Hamahirugarren etapa amaitzeko 113 kilometro falta zirela jo du erasoa, ordurako 30 bat txirrindulari ihesean zebiltzala, eta 33,5 kilometro falta zirela utzi du azken txirrindularia atzean, Joseph Lloyd Dombrowski (Cannondale). Bakar-bakarrik iritsi da Cividale del Friuliko helmugara.
Faboritoen artean ere egurra izan da atzean, eta Bob Jungels liderrak (Etixx) amore eman behar izan du. Minutua galdu du gainerako faboritoekiko, eta Andrey Amador (Movistar) jarri da lider. 26 segundora dago orain Jungels, 41era Vincenzo Nibali (Astana), eta 43ra Alejandro Valverde (Movistar). Beroketa lana besterik ez da izan gaurkoa, Alpago eta Corvara artean 210 kilometro eta sei mendate baititu biharko etapak, lehen mailakoak horietako bi.