Handia, ona, bakarra

Yao Ming pibot txinatarrak berriz hautsi du ezker oineko orkatila, eta oso litekeena da erretiroa hartu behar izatea, 30 urterekinMito bat izan da, 230 zentimetroko jokalari puska, lesioen zama astuna jasandakoa

Andoni Urbistondo.
2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Bukatu da. Txinako Harresi Handiak zutik iraungo du; baina kirol munduko Txinako harresiak, ez. Yao Mingen hezurrek «aski da» esan dute, eta hezur horiek ezin dira Harresiko harriak bezala ordezkatu. Ezin da beste bat jarri, eta kito, aurrera segitu. Yaoren hezurrek 140 kiloko morrosko baten mugimenduak jasaten dituztelako. NBAk bere historian izan duen pibot onenetakoak agur esan du, mirari handiren bat gertatu ezean. Yao, bere zenbaki apaletan gordeta, NBAko pibot onenetakoa izan delako.

Onena esaten denean dotorea esan nahi delako. Indarra eta giharrak izan direlako Yaok bere kirol ibilbidean gutxien erabili dituen dohainak. AEBetako pibot beltz handiek ez bezala, Yaok ez du bere gorpuzkera pribilegiatua erabili jokalari on izateko, fisikoarekin zerikusirik ez duten baliabideak baizik: talentua eta burua. Handietan handiena izan da: 230 zentimetro luzean. Onenetan onena, bere oin joko dotoreari esker, eta bakarra, historian luze bilatuta ere ez dugulako Yaoren lauzpabost metroko jaurtiketa daukan beste pibot handirik topatuko.

Luis Scolak adierazi zion BERRIAri ekainean: «Nik neuk, edo 2,06 edo 2,08ko pibotek dugun oin mugimenduak ez dauka meriturik. 2,30 neurtzen duena ni baino hobeto mugitzeak dauka meritua, eta Yao ni baino azkarrago mugitzen da saskipean sarri. Lan saioetan-eta txundituta uzten nau askotan». Izan ere, askoz errazagoa da 110-120 kiloko gorputza mugitzea, 140koa baino. Inoiz gainetik kendu ezin izan duen zama, 2,30 neurtuta ezinezkoa delako pisu txikiagoa edukitzea.

Yaok 19 puntu eta bederatzi errebote lortu ditu batez beste bere kirol ibilbidean, zazpi sasoitan. Zenbaki apalak batzuentzat. Hirutan izendatu dute ligako bosteko onean, baina, halere, inoiz ez da NBAko Olinpoan sartu. Intentsitate falta leporatzen diote, saskia gutxitan txikitzen duelako. Defentsan lan egiteko borondate apala, besteek, luzean 230 zentimetro izan arren. Marka guztiak apurtu behar zituen jokalaria izan. Bide erdian geratu dela ere kritikatzen diote, titulua lortzeko lehen kanporaketa gainditu ezinik geratu baita beti, iaz izan ezik.

Hegoaldean NBA telebistaz eskaintzen duten kateko kazetariek ere sarri erakusten zuten Yaok eragiten zien zirrara. «Zein ona den txinatarra», esaten zuen esatari batek, Houston Rocketsen partidaren bat eskaintzen zutenean. Yaok erraz egiten zuelako zaila zena: buelta erdia eman, eta fade away jaurtiketa Michael Jordanek berak bezain fin, adibidez —jauzia atzerantz eginda egiten den jaurtiketa—.

Lesio saila

Yaok lesio sail handia izan du. Gaztetatik. 19 urte bete baino lehen ere bitan hautsi zuen oina, eta jauzi gaitasuna nabarmen murriztuta zuela iritsi zen NBAra. Azken bi denboraldietan bitan hautsi du orkatila, eta azkenak, abenduaren 18an gertatutakoak, betiko itxiko dio saskibaloi profesionaleko atea. Iaz izandako lesioa izan zen bukaeraren hasiera. Izan ere, medikuek partidako 24 minutu bakarrik jokatzeko baimena eman zioten, eta askok ez zuten hori ulertu. Rick Adelman Houstongo entrenatzaileak, tartean. 24 minutuko jokalari bat jokalari erdia zela esan zuen: «Nola demontre egin dute kalkulu hori? Ez dut ulertzen».

Partidako ia 20 puntu eta 10 errebote. Ez da erraza. NBAko hasiera bezala Yaorentzat. Txinak ez zuen baimenik ematen jokalariei atzerrira joateko, baina Yaoren kasua berezia izan zen. 2002ko draft-eko lehen zenbakian hautatuko zutela zin egin zioten Txinako Gobernuari, eta hala izan zen. NBAk sekulako negozioa egin zuen, Txina merkatu itzela delako. Yaori kosta egin zitzaion lehiaketari neurria hartzea, eta lehen partidetan bere zenbakiak oso apalak izan ziren: 14 minutu eta lau puntu, batez beste.

Aditu eta beste sekulakoak eta bi botatzen hasi ziren. Baita Charles Barkley ahoberoa ere. Yaok bere lehen urtean partidaren batean 19 puntu baino gehiago sartzen bazituen asto bati ipurdian musu emango ziola apustu egin zuen Kenny Smith kideari. NBAn jokatu zuen 10. partidan lortu zuen marka hori Yaok, Lakersen aurka: 20 puntu, eta %100 biko jaurtiketetan. Shaquille O'Neal garaiezin zebilen garai haietan, eta Yaoren aurka jokatu zuen lehen partidan hauxe esan omen zion, txantxetan: «Txing txong-iang-wah-ah-soh». AEBetan bizi diren jatorri txinatarreko 25 milioi biztanleei ez zien grazia handirik egin O'Nealen txantxak.

Yaok ia partida guztiak jokatu zituen lehen hiru sasoietan. Bitan bakarrik geratu zen aulkian, min hartuta, baina 2005. urtetik aurrera zorigaiztoak gogor jo zuen Yao. 2005-2006ko sasoian 25 partida eman zituen min hartuta, osteomielitisagatik aurrena, ezker oineko hezur hausturagatik gero. 2006-2007koan 34 partida eman zituen kantxetatik urrun, eta egoera 2008ko otsailean errepikatu zen. Beste lau hilabete jokatu gabe. Iaz, Lakersen aurkako Mendebaldeko finalerdiko bigarren partidan hautsi zen. Urte osoa kanpoan. Bueltatu zen, duela bi hilabete, eta bost partida jokatu, eta berriro krak egin. Betiko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.