Amorratuta. Hala amaitu zuten Itxakoko jokalariek Txapeldunen Ligako estreinako partida. Amorratuta, Leipzig ez zelako haiek baino gehiago izan, eta hala ere, Alemaniako taldeak lortu zuelako garaipena. Non eta Lizarran, euren zaleen aurrean, nola eta gol eskas batengatik. Kolpe latza toki guztietatik begiratuta.
Horrelako porrot mingarri batekin talde batek bi bide hartu ohi ditu: behera egin, edo kontrakoa, gora egin, alegia. Argi dago Itxakok zein bide hartu duen: gorakoa. Atzo Vienan eginikoa ikusi besterik ez dago. Lizarrako taldeak erakustaldia eman zuen, eta astindu latza eman zion Hypo Niederoesterreichi: 19-30. Azken emaitza argigarria da oso. Itxakok ez zion aukerarik eman Austriako taldeari, eta uste baino errazago nagusitu zitzaion. Atzoko garaipenarekin, Ambros Martinek zuzendutako taldea bigarren da B multzoan, Korvexekin berdinduta. Hain zuzen, Hungariako taldearen aurka jokatuko du Itxakok astebete barru. Leipzig dago multzoko buru, jokatu dituen bi partidak irabazi ondoren. Oso bestelako egoeran dago lizarratarren atzoko aurkaria, Hypo Niederoesterreichek ez baitu puntu bakar bat ere. Multzo bakoitzetik bi talde sailkatzen direla kontuan hartuta, Itxakok tinko eusten dio lehen aldiz hurrengo ligaxkan aritzeko aukerari.
Erakustaldia bigarren zatian
Lizarrako taldeak bigarren zatian egindako lan bikainari esker irabazi zuen. Lehen zatian ere oso ondo aritu zen, adi-adi, gorabeherarik gabe, baina bigarren zatian kolpea eman zuen. Nola gainera. Datu bat: bigarren zatiaren hasieran 13nakoa zen emaitza, baina nafarrek 1-8ko partzial ikusgarria lortu zuten jarraian (14-21). Horrelako muturrekoak noraezean utzi zuen etxeko taldea. Hala ere, saiatu zen aldea murrizten (17-22), baina alferrik. Itxakok bigarren kolpea eman zuen: 1-6eko partziala. Akabo partida. Aldea hamar golekoa zen (18-28), eta minutu eskas batzuk falta ziren partida amaitzeko.Itxakoko jokalariak, baina, ez ziren lasaitu, buru-belarri segitu zuten azken unera arte, partidako alderik handiena lortu arte, 11 golekoa, hain zuzen ere. Argi zegoen: Austriako taldeak ordaindu behar zuen Leipzigen aurka galdu izanak eragindako amorrua.
Handien moduan suspertu da Itxako Austrian
Lizarrako taldeak 19-30 irabazi dio Hypo Niederoesterreichi, Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu