Etorkizunera begiratzeko unea heldu da. Aste gutxi batzuk igaro dira ACB Liga bukatu zenetik, eta, dagoeneko, Euroligako lehen fasean zein talderen kontra jokatuko duen daki Baskoniak. Olympiakos eta CSKA dira Tauk aurrean izango dituen talde indartsuenak. Euroligako finala jokatu zuten aurreko denboraldian errusiarrek, eta Olympiakosek hara heldu nahi du behingoz. Dena den, gora egin nahi duten hainbat talde dago Tauren multzoan. Montepaschi, Virtus eta Prokom daude horien artean. Zalgiris eta Olimpijak osatzen dute Euroligako A multzoa, eta biek Top 16ra heltzeko helburua izango dute.
Denbora igaroko ez balitz bezala hasiko du Euroliga Tauk. Olympiakosen etxean hasiko du, 2006-07 denboraldian bezala. Multzoko lehen postua eskuratzeko lehian aurkari zuzena izango da Atenasko taldea, aurreko denboraldian bezala. Urriaren 24an bi taldeen sasoia zein den ikusteko dago oraindik, ordea. Denboraldiko hilabete garrantzitsuenak gelditzen dira egun hori heldu arte; taldeak osatzen diren hilabeteak, hain zuzen ere.
Fitxaketek eragin zuzena izango dute A multzoan lehen fasean izango diren emaitzetan. Dena den, orain arteko ibilbideak kontuan hartuta, nabarmentzeko moduko hiru talde daude. CSKA, Tau eta Olympiakos dira lehen hiru postuetan bukatzeko faborito nagusiak.
GOIARI EUTSI NAHI. CSKAren kasua adierazgarria da, eta udan gertatuko denaren arabera, aldaketa asko izan ditzake. Azken urteetan oso aldaketa gutxi egin ditu, eta Euroligako talde sendoenetako bat izan da. Udan jokalari garrantzitsu asko alde egin dezakete, ordea. Papaloukas NBAra joateko hainbat proposamen ditu, eta Torres eta Van Der Spiegel jokalariek taldea utziko dute, Prokom Treflekin sinatu baitute. Holdenek ere taldea utz dezake, Olympiakosera joateko. Datorren denboraldian talde indartsua izango du CSKAk. Goree eta Zisis fitxatu ditu, besteak beste. Dena den, udan gertatzen denaren arabera, taldearen egitura asko alda daiteke.
Olympiakosen egoera apur bat ezberdina da. Aurreko denboraldiko taldeari eutsi nahi diola ematen du, baina Greziako liga galdu ostean, agian, aldaketak egongo dira. Taldea hainbat lerrotan indartzen saiatuko da, baina aurreko denboraldiko jokalari gehienek jarraituko dute. Aurreko denboraldian lortu ez zuten talde izaera lortzen saiatuko dira datorrenean, Lauko Finalera behingoz heldu ahal izateko.
Faborito nagusiak argiak diren arren, horien artean sartzeko ahalegina egingo duten hainbat talde dago A multzoan. Prokom Trefl da horien artean esanguratsuena. Orain arte fitxaketa gehien egin duena da, eta talde indartsua izango duela agerikoa da. Torres, Van Der Spiegel, Gurovic, Edney eta Jeretin dira zerrendako adierazgarrienak. Top 16ra heldu ziren aurreko denboraldian, eta emaitza hori hobetzeko asmoa dute hurrengoan.
Montepaschi eta Virtus Bolognaren kontra ere jokatuko du Baskoniak. Orain dela hainbat urte lortu zituzten emaitzak errepikatzeko asmoa dute biek. Liga aise irabazi du Montepaschik, eta egun duen talde sendoa indartzen saiatuko da, Top 16an sartu eta ezustekoa emateko. Virtus, bestetik, Euroligara itzuli da bost denboraldiren buruan. Garai bateko talde indartsua ez duen arren, eskarmentu handia duen kluba da eta hori kantxan sumatuko da. Zalgiris eta Olimpija osatzen dute A multzoa; ustez, talde ahulenak dira.
MULTZO DESOREKATUAK. Euroligako lehen fasean beti egon ohi da bereziki gogorra den multzoren bat. Datorren denboraldian bi izango dira, ordea. Tauren A multzoaz gain, C multzoa ere indartsua da. Panathinaikosek, Bartzelonak eta Real Madrilek topo egingo dute han. Gainontzeko taldeak hirukote hori baino kalitate gutxiagoko taldeak dira, A multzoan gertatu bezala. Lottomatica Erromaren, Partizanen eta Ulkerren artean Top 16rako bi postu jokatuko dituzte, ezustekorik ezean. Bamberg eta Roanne osatzen dute multzoa.
Unicajarena dirudi, hasiera batean, multzorik errazena, Maccabi eta Efes Pilsen aurrean izango dituen arren. Hiru talde horien eta gainontzekoen artean aldea aurrekoetan baino handiagoa da B multzoan: Aris, Cibona, Le Mans, Lietuvos Rytas eta Milan.
«Top 16ra heltzea da gure helburua, oraindik talde indartsua egiteko gestio asko falta diren arren»
«Oso aurkari zailak daude gure multzoan, CSKA eta Olympiakos kasu; Prokom ere ezin dugu ahaztu»
Josean kerejeta
tau baskoniako presidentea
Handinahi asko Euroliga hasteko
Olympiakos eta CSKA izango dira Baskoniaren aurkari nagusiak Euroligako lehen fasean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu