Nazioarteko Atletismo Federazioaren (IAAF) araudia eskuetan, Pistoriusek ez luke arazorik izango elbarritasunik gabeko atletekin lehiatzeko. IAAFek betebehar bakarra jartzen du: atleta guztiek egoera berean lehiatzea, haien lana erraz dezakeen kanpoko laguntzarik gabe. IAAFen arabera, Pistoriusek erabiltzen dituen protesiek ez dute lana errazten: hankaren ordezkoak dira, besterik ez.
Baina ez da izango araudia Pistoriusen oztoporik handiena. Pistan eskuratu beharko du Pekinerako txartela, eta, egun, zaila dirudi hori lortzea. 47,34 segundo du marka onena, iaz Hegoafrikako Txapelketan lortutakoa. Elbarritasunik gabeko atletekin egin zuen lasterka, eta seigarren sailkatu zen. Bigarren aldia zen elbarritasunik gabeko atletekin lehiatzen zuena. Aste batzuk lehenago Helsinkin jokatu zen lehiaketan parte hartu zuen, IAAFek gonbidatuta.
Oraindik ez daude zehaztuta Pekingo Olinpiar Jokoetan aritzeko lortu beharreko gutxieneko markak, baina Pistoriusek 46 segundotik jaitsi beharko luke. Beraz, ia segundo eta erdi hobetu beharko luke bere marka. Ez da lan samurra, baina Pistoriusek hobetzeko alde handia du, hiru urte eskas daramatzalako atletismoan. Badaezpada, Clyde Hart entrenatzaile estatubatuarrarekin jarri da harremanetan. Michael Johnson handiaren entrenatzaile izan zen Hart. Egun, Jeremy Warinerrekin eta Sanya Richardsekin ari da lanean. Bi atletok dira, hain justu, 400 metroko espezialista onenak orain.
Peronerik gabe jaio zen Pistorius. Bere gurasoak zeru-lurrak astindu zituzten semearen hankak salbatzeko: espezialista bat, bi, hiru... horrela bederatzi iritzi bildu arte. Pistorius familiaren zoritxarrerako, espezialista guztiak ados jarri ziren: semeari belaunetatik behera hanka biak moztea zen irtenbide bakarra. Hori egin ezean, semearen bizitza gurutze-bidea izango zen.
Hankak faltan, baina kemena soberan. Gurasoek txikitatik erakutsi zioten bere kasa bizitzen, independente izaten. Eta semeak asko eskertzen die hori egin izana. «Gurasoek berdin tratatu gaituzte seme-alaba guztiok. Haur ezindu bat izango banu, nire gurasoen ereduari jarraituko nioke».
Errugbian, tenisean eta waterpoloan aritu zen atletismoan hasi aurretik. Kasualitatez egin zuen. Eskuineko belauna txikitu zuen 2004ko urtarrilean, eta Pretoriako Unibertsitatera joan behar izan zuen errehabilitazioa egitera. Han hasi zen lasterka egiten. Ordu arte, gorroto zuen. Korrika ez egiteko gaixo zegoela zioten agiriak faltsutzera iritsi zen.
Azkar hasi zen denbora bikainak lortzen. Ikusgarria zen bera ikustea, ikusgarria eta bitxia. Pistan, begirada guztiak hari begira zeuden. Denek galdetzen zioten zer sentitzen zuen bi protesirekin korrika. «Ez dakit, eta zer sentitzen duzue zuek benetako hankak izanda? Honela jaio nintzen, honela bizi izan naiz beti», erantzuten zien.
Jabetu orduko, Atenasko Paralinpiar Jokoetan ari zen. Greziako hiriburuan urrezko domina irabazi zuen 200 metrokoan, eta brontzezkoa 100 metrokoan. Une gogoangarriak pasa zituen. «Beti izango dut Atenas nire bihotzean. Baina dena ez zen lehiaketa izan. Bizitza guztirako lagunak egin nituen. Beso bat eta beste gorputz hainbat atal falta zituen igerilari bat ikusi nuen tximeleta estiloan igeri egiten. Orduan jabetu nintzen ez dudala kexatzeko motiborik».
Hankak falta izan arren, Pistoriusek ez du bere burua ezindu gisa ikusten. «Zer da ezindu izatea? Batzuek ezindutzat jotzen dute euren burua, bat edo bi elbarritasun dituztelako. Baina non daude dituzten beste milioika trebetasunak? Zer gertatzen da hanka bat edo bi falta badituzu? Ados, ezingo duzu nahi bezala korrika eta salto egin, baina badira egin ditzakezun beste hamaika gauza».
«Bizitza ez da amaitzenbi elbarritasun izanda.Non daude dituzun bestemilioika trebetasunak?»
«Atenasen beste kirolari paralinpiar batzuk ikusita jabetu nintzen ez dudala kexatzeko motiborik»
oscar pistorius
atleta paralinpiarra
oscar PIsTorIus
Jaioterria: Pretoria (Hegoafrika).Jaioteguna: 1986ko azaroaren 22a.
Zer falta duen: Belaunetik behera, bi hanketan.
Proba gustukoenak: 100, 200 eta 400 metroak.
Maila: T-43 (hanka bat falta dutenak) eta T-44 (bi hankak falta dituztenak).
Marka onenak: 100 metrokoan: 11,08 (munduko marka); 200 metrokoan: 21,34 (munduko marka); 400 metrokoan: 47,34 (munduko marka).
Garaipen zerrenda: urrezko eta brontzezko domina 2004ko Atenasko Paralinpiar Jokoetan; urrezko bi domina 2005eko Munduko Paralinpiar Kopan; urrezko hiru domina 2006ko Munduko Paralinpiar Txapelketan.
Bestelakoak: 20 aldiz hobetu du munduko markaren bat.
400 metroko markak,aurrez aurre
Pistoriusen marka: 47,34.
Munduko marka gizonezkoetan: 43,18 (Michael Johnson).
Urteko marka onena gizonezkoetan: 43,62 (Jeremy Wariner).
Hegoafrikako marka onena gizonezkoetan: 44,59 (Hendrik Mokganyetsi eta Arnaud Malherbe).
Euskadiko marka onena gizonezkoetan: 46,55 (Juan Jose Prado).
Munduko marka emakumezkoetan: 47,60 (Margarita Koch).
Urteko marka emakumezkoetan: 48,70 (Sanya Richards).
Euskadiko marka onena emakumezkoetan: 51,53 (Blanca Lacambra).
Paralinpiarrak Olinpiar Jokoetan
Karoly Takacs. Urrezko domina irabazi zuen hungariarrak 1930ean, olinpiar tiroan. Eskuin eskuarekin egiten zuen tiro. Bigarren Mundu Gerran, armadako sarjentua zenean, granada bat lehertu zitzaion eskuin eskuan, eta zauri larriak eragin zizkion. Gerra amaitu zenean, olinpiar tiroan hasi zen berriro, baina ezker eskua erabilita. Urrezko domina irabazi zuen 1948ko Londresko Olinpiar Jokoetan eta lau urte geroago, Helsinkin.
George Eyser. Gimnasta estatubatuarrak sei domina irabazi zituen 1904ko Saint Louiseko Olinpiar Jokoetan: hiru urrezkoak, bi zilarrezkoak eta bat brontzezkoa. Egurrezko hanka bat zuen orduan. Izan ere, urte batzuk lehenago tren batek harrapatu zuen eta hanka bat moztu behar izan zioten. Hala ere, lehiatzen jarraitu zuen, eta lorpen bikainak lortu zituen.
Maria Runyan. Atleta estatubatuarrak 2000ko Sydneyko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen, 1.500 metrokoan. Runyan ia itsua da: itzalak eta koloreak bakarrik bereizten ditu.
Raymond Ewry. Atleta estatubatuarrak urrezko zortzi domina irabazi zituen guztira 1900etik 1908ra jokatu ziren hiru Olinpiar Jokoetan (Parisen, Saint Louisen eta Londresen). Poliomielitis gaixotasuna izan zuen gaztetan, eta gurpil aulki batean ibili behar izan zuen denbora luzez. Medikuek esan zioten ez zela berriro ibiliko. Hori, hala ere, ez zen oztopo izan kirolari bikaina izateko eta Olinpiar Jokoetako liburuetan bere izena letra larriz idazteko.