Espainiako Txirrindularitza Federazioak herenegun jakinarazi zion Alberto Contadorri zein zigor bete beharko duen iaz Frantziako Tourrean klenbuterolarekin positibo emateagatik. Urtebete egin beharko du Saxo Bank taldeko txirrindulari espainiarrak lehiaketa ofizialetan aritu gabe, heldu den abuztuaren 23ra arte, hain zuzen ere. Egun horretatik aurrera Contadorrek ez du inolako oztoporik izango berriro tropeleko txirrindulari onenekin lehiatzeko. Hori bai, ezingo du aurtengo hiru itzuli handietan parte hartu: ez Italiako Giroan, ez Frantziako Tourrean, ezta Vueltan ere, azken horretan lau egun eskasengatik —ohi baino hamar egun lehenago hasiko da aurten Espainiako Vuelta, abuztuaren 20ean—.
Ez da zigorrak eragindako ondorio bakarra, ezta larriena ere. Izan ere,iaz hirugarrenez irabazitako Frantziako Tourra gabe geratuko da. Horri, gainera, zigor ekonomikoa gehitu behar zaio, iazko soldataren laurden bat ordaindu beharko baitu: 1,2 milioi euro inguru. Bi urteko zigorra jaso izan balu, hiru milioi euro inguru ordaindu beharko lituzke, bere soldataren %70.
Contadorrek zortzi egun ditu Espainiako Txirrindularitza Federazioak ezarritako zigorraren aurka helegitea aurkezteko —herenegun hasi zen hamar eguneko epea—. Txirrindulariak gaur arratsaldean emango du prentsaurrekoa, eta orduan azalduko du haren iritzia, eta zein bide jarraituko duen hemendik aurrera. Ezustekorik ezean, helegitea aurkeztuko du. Logikoena litzateke, positiboaren berri izan zenetik beti aldarrikatu baitu haren errugabetasuna. Gainera, haren abokatuek hainbat ikerketa aurkeztu dituzte, eta horien arabera, kutsatutako xerra batek bai eragin dezake positiboa klenbuterolagatik. Contadorrek azkenean helegitea aurkeztuko balu, Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) izango luke azken hitza. Hark erabakiko luke zigorra gutxitu, bere horretan utzi edo luzatu. Contadorrek helegitea aurkezteak prozesua luzatuko luke, eta horren ondorioz, txirrindulariak galdu egingo luke denboraldi osoa.
UCI eta WADA erne
Baina gerta daiteke ere Contador ez izatea urtebeteko zigorraren aurka helegitea aurkeztuko duen bakarra. Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) eta Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak (WADA) badute zer esana auzi honetan guztian. Bi erakunde horietako ordezkariak Contador bi urtez zigortzearen alde azaldu dira azken asteetan egin dituzten adierazpenetan. Txirrindulariaren abokatuek begi onez ikusiko lukete bi erakunde horiek helegitea ez aurkeztea, horrela gehienez urtebeteko zigorra jasoko lukeelako Contadorrek. Hala ere, ustekabeko galanta litzateke UCIk eta WADAk helegiterik ez aurkeztea. Izan ere, bi erakunde horietako ordezkariak ez datoz bat Espainiako Txirrindularitza Federazioarekin: sinetsita daude klenbuterol arrasto txiki hori—50 pikogramo— ez dela nahigabe iritsi Contadorren gorputzera, eta hala bada, dopina dela, eta kasu horretarako bi urtekoa dela ezarri beharreko zigorra.
Hariak ez du etenik
Contadorrek helegitea aurkeztuko du ziurrenik Espainiako Federazioak ezarritako urtebeteko zigorraren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu