Imanol Hariñordokik Tolosan jokatuko du heldu den sasoian; hala eman du ezagutzera gaur L'équipe kirol kazetak. Miarritzeko ikurrak, taldea utzi, eta Top14an lehiatzen jarraituko du. Taldea Bigarren Mailara jaitsi ondoren azken asteetako zalantza izan da hori, fideltasun kontu bategatik jarraituko zuen edota elitean jarraitzea aukeratuko zuen. Bada, azkenean, eskaintza hobeak pisu handiagoa izan du.
Sinatu aurretik Hariñordokik mediku azterketa zehatza egin beharko du, halere. Lesioek ez diote bere maila ematen utzi azken urteetan. 2011ko abenduan lesio larria izan zuen ezkerreko izterrean, eta bi ebakuntza egin behar izan zizkioten, 2012an bata eta 2013an bestea.
Nor da Imanol Hariñordoki?
Askorentzat, Euskal Herriak inoiz eman duen errugbi jokalaririk onena. Donibane Garazin jaio zen (1980), eta hirugarren lerroan jokatu du. 2004az geroztik Miarritzen jokatu du. 202 partida jokatu ditu taldearekin, eta bi aldiz irabazi du TOP14a (2004-05 eta 2005-2006). 2005-06ko sasoian Heineken Kopako txapeldunorde izan zen. Frantziako selekzioarekin lau aldiz irabazi du Sei Nazioen torneoa.