Realak jakinarazi du Haris Seferovicek ez duela jarraituko talde txuri-urdinean. Webgunean argitaratutako ohar batean, adierazi du ados jarri dela Alemaniako Bundesligako Eintracht Frankfurt taldearekin, jokalari suitzarrak han joka dezan.
Duela urtebete fitxatu zuen Realak, hiru milioi euro ordainduta, Italiako Fiorentinatik. Lau denboraldirako kontratua sinatu zuen, baina ez du espero bezain ondo jardun. Eintracht Frankfurtek jakinarazi du 2017ko ekainaren 30era arteko kontratua sinatu dutela; Alemaniako komunikabideek diotenez, 2,5 milioi ordaindu dute aurrelari suitzarraren truke.
Ifran, utzita
Realeko beste aurrelarietako bat ere ez da taldean ariko hurrengo denboraldian. Diego Ifran uruguaiarrak Tenerifen utzita jokatuko duela jakinarazi du talde txuriurdinak. Aurreko denboraldian ere, Coruñako Deportivon aritu zen utzita.
Jagoba Arrasatek ez du konfiantzarik Ifranekin, eta agerikoa zen taldea utziko zuela. Denboraldia amaieran bukatuko zaio Realarekin duen kontratua, hala ere taldeak jokalaria berreskuratzeko aukera izango du.