Bilboko aireportuan merezitako harrera egin diete sokatira munduko txapeldun berriei. Atzo iritsi ziren Malmoetik (Suedia), eta Gaztedi taldeko kirolariek trikiti, pandero, ziztu eta txalo zaparraden artean jaso zuten ongietorria. Olatz Gil Orbegozok jaso du harrera bideoan.
[YouTube]https://youtu.be/PZnD8DuRpmA[/YouTube]
Etxera itzuli aurretik, Malmoeko aireportuan talde osoak Ikusi mendizaleak kanta ospetsua aho batez abestu du berriro, asteburuan podiumean egin zuen moduan. Irrintzi batek eman zion amaiera momentu hunkigarri horri, garaileen sariak kameren begi-bistan zirela.
[YouTube]https://youtu.be/zg0QRpbvxOo[/YouTube]
Preseski, asteburuan ezaguna egin den bideoak eskaini du Euskal Herriko selekzioaren momentu historiko hori: Euskal Herriaren izenean sokatira delegazioak urrezko lehen domina lortu du 580 kiloko taldeen arteko txapelketan. Bideoan, podiumean izan duten poza ikus daiteke, Ikusi mendizaleak kantatzen ari direla ikurrinen artean.
Orain duela bi urte arte, Espainiaren izenean lehiatzen zen selekzioa, eta hainbat medaila irabazi zituen. Baina, iaztik, Basque Country izenpean onartu dute taldea Nazioarteko Sokatira Federazioan. Selekzioa Gaztedi taldeko tiratzaileez osatua da. Izan ere, kluben arteko lehian brontzea eraman zuten joan den astean, Goierri eta Mutrikuko taldeen aurretik kokatuz.
580 kiloko taldekako garaipenaz gain, 500 kiloko emakume taldeak zilarra irabazi du, finalean Txinaren aurka galdu ondoren. 600 kiloko mistoetan ere, zilarra irabazi du euskal selekzioak, finala Suedia talde indartsuaren aurka galduta.
Domina guztiak:
Selekzioak
-Urrea: 580 kiloko taldeen norgehiagokan (gizonezkoak).
-Zilarra: 500 kilo (emakumeak), 600 kilo (mistoa) eta 640 kilo (gizonak).
Klubak
-Brontzea: Gaztedi, 580 kilo eta 500 kilo arteko taldeen norgehiagoketan.