Harresirik ez dauka

Multzo samurra egokitu zaio Tauri Euroligako lehen fasean, eta ez luke arazorik izan behar Top 16ra sailkatzeko

Aitor Manterola Garate.
2008ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Atzo egin zen datorren denboraldiko Euroligako zozketa Berlinen, eta Tau Baskoniari ez zaio multzo zaila egokitu. Beste bost talderekin batera, C multzoan ariko dira gasteiztarrak, eta ez lukete arazo handirik izan behar hurrengo fasera sailkatzeko. Top 16ra sartzeko lehia horretan, hauek izango ditu aurkariak: Fenerbahce, Virtus Erroma, Union Olimpija, Joventut eta Alba Berlin. Aurreneko laurek egingo dute aurrera, eta beste horrenbeste gertatuko da beste hiru multzoetan. Bide hori gainditu beharko du Tauk Berlineko Lauko Finalera gerturatzen joateko, eta ez du harresirik izango aurreneko ibilbidean. Izan ere, talde gasteiztarra beste bosten gainetik dago. Bera da multzoan nabarmentzen den bakarra, eta gainerakoen artean, berdintasun handiagoa dagoela ematen du.

Denak dira ezagunak Tauren jarraitzaileentzat. Joventut urtero ikusten dute, eta besteak ere ezagutzen dituzte, noizbait jokatu dutelako gasteiztarren aurka Euroligan. Kataluniarrek indarra galdu dute iazko taldearekin alderatuta. Rudy Fernandez izarra NBAn ariko da, eta nabaritu egin behar lukete kataluniarrek haren hutsunea. Entrenatzailea ere ez da Aito Garcia Reneses izango, eta taldearen azken denboraldi ikusgarrian zenbateko eragina izan duen ikusita, ematen du kosta egingo zaiela iazko bera ematea.

Fenerbahce ere ondo ezagutzen du Tauk. Iaz jokatu zuten elkarren aurka Top 16an. Gasteizen emandako astindu bera jaso zuenKerejetaren taldeak Istanbulen. Turkiar jokalari gazte asko dauzka taldean, baina herrialde hartako harrobiko onenetakoak dira Asik eta Erden, besteak beste. Oso lan ona egiten ari da gazteokin Bogdan Tanjevic montenegroarra. Iazkoarekin alderatuta, Will Solomonen hutsunea asko nabarituko dute.

Virtus Erroma, pixkanaka bada ere, aspaldiko garai loriatsua itzultzen ari zaio Erromari saskibaloiaren munduan. Bide horretan beste urrats bat egiteko asmoz, Sani Becirovic esloveniar hegalekoa fitxatu du Dejan Bodiroga kirol zuzendariak.

Multzoko bi talde ahulenak, hasiera batean, Olimpija Lubljana eta Alba Berlin izango dira. Esloveniako taldeak, Marko Milic eta Jasmin Hukuc ditu izarrak, eta haien inguruan, hainbat jokalari gaztek osatzen dute taldea. Iaz, txapelketa ona jokatu zuten. Alemaniarrak berriz itzuli dira Euroligara, eta taldea indartzeko asmoz, Steffan Hamann joko-antolatzailea fitxatu du. Jokalari ezagunena Patrick Femerling da, Bartzelonan aritutakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.