183,26 milioi euroko gastua aurreikusi du Athleticek San Mames berria egiteko. Elkarteko bazkide bakoitzak zenbat ordainduko duen ez dute zehaztu oraindik, baina Athletici dagokionez bi gauza argi dituztela esan du Ana Urkijo presidenteak: batetik, klubak ez duela galduko gaur egun duen ondarea, hau da, elkarteko beste bi kideak futbol zelai berriaren jabe ere izango diren arren, bere zatiak gaur egun San Mamesen duen ondarea berdinduko duela gutxienez (17,51 milioi euro balio ditu oraingo futbol zelaiak); bestetik, finantzaketari dagokionez, ez bazkideek ezta urteroko aurrekontuek ere ez dutela zorra pairatu beharko.
Oraingoz hiru bultzatzaile izango ditu San Mames berriaren proiektuak. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak gonbita egin zion ostiralean Eusko Jaurlaritzari elkartean parte har dezan, baina elkartea sortu duten hiru bazkideekin proiektua sendoa eta bideragarria dela azpimarratu du Urkijok. Enpresa pribatuak ere sar daitezke elkartean, baina Juan Carlos Erkoreka Athleticeko zuzendaritzako kideak atzo onartu zuen zaila dela hori gertatzea, etekin ekonomikorik ez duelako emango eta egin beharreko inbertsioa handia delako soilik irudia saltzeko. Izan ere, futbol zelaiaren jabetza elkarteko kideen artean partekatuko duten arren (bakoitzak ordaintzen duen diruaren arabera), soilik Athleticek izango du erabiltzeko eta ustiatzeko eskubidea.
Futbol zelai berrian egiten diren mugimendu guztiak Athleticen esku geratuko dira. Futbol zelaiaren instalazioetan denda eta museoa kokatzeko asmoa dauka, eta ostalaritza zerbitzuen ustiapena soilik kontratatuko du. Klubak urtean dituen ohiko diru sarrerak aurrekontuaren %50 edo %55 dira gaur egun, eta futbol zelai berriarekin kopuru hori %65 izatea nahi du, aurrekontua beste aldagai batzuen baitan egon ez dadin, telebistarako irudi eskubideen baitan esate baterako. Hiru harmaila egongo direnez, horien artean publizitatea jartzeko bi gune egongo dira, gaur egungo zelaiak duena baino bat gehiago. San Mames deituko dela ere esan zuten zuzendariek, zalantza izpirik gabe, beste zelai batzuetan erabili den eredua baztertuz, izena diru truk aldatzekoa.
7.000 BAZKIDE GEHIAGO. 55.000 ikuslerentzako futbol zelaia egingo du Athleticek, 42.000 metro koadroko orubean. Horietatik 1.900 enpresei zuzendutako palkoetan egongo dira. Gaur egun esku artean dituzten datuekin, 7.000 bazkide gehiago izatea espero du klubak. Hasiera batean bere zorraren zati bat kitatzeko bazkide egingo diren horien kuotak erabiltzea aztertu zuten zuzendaritzako kideek. Horretarako, ordea, denboraldi bateko baino gehiagoko kuota kobratu behar zuen Athleticek; zuzendariei ez zitzaien bideragarria iruditu, beste gauza batzuen artean dirua orain beharko duelako klubak eta eserlekuak ezingo dituelako eskaini lanak osorik amaitu arte. Azkenean, BBK-k lagunduko dio klubari zorra finantzatzen. Horretarako, etorkizuneko zenbait diru sarrerarekin abalatuko du klubak zorra.
Presidentetzarako hauteskundeak baino lehen zehaztu nahi du Athleticeko zuzendaritzak oinarrizko proiektua, eta finantzaketa plana, uda baino lehen. Lana egiterakoan klubeko estatutuak mahai gainean dituztela adierazi du Urkijok, eta, ondorioz, futbol zelai berriaren eraikuntza onartzeko bazkide konpromisarioen ezohiko batzarrera deitu behar badute deitu egingo dutela (1913. urtean, oraingo futbol zelaia eraiki zenean, hala egin zuten). Oinarriko behin betiko proiektua Acxt-Idom Bizkaiko enpresak egingo du, eta hauteskundeak egin ondoren eratuko den zuzendaritzak (Urkijok ez du argitu aurkeztuko den edo ez) proiektuarekin jarraitzea nahi du presidenteak.
Bost izarreko futbol zelaia nahi du Athleticek, etorkizunean Europako txapelketa bateko final bat Bilbon jokatu ahal izan dadin. Atzo klubak eman zituen datuen arabera, Barne Produktu Gordinean futbol zelaiaren eraikuntzak 2.100 lanpostu sortu eta 104,4 milioi euroko sarrerak eragingo ditu. Gaur egungo futbol zelaia ez dator bat inguruan egon diren hirigintza aldaketekin, eta klubaren beharrez gain (segurtasun neurriekin geroz eta arazo gehiago daude), hiriak dituen beharretara egokituko den zelaia eraikiko dute. Bilboko Udala ez da San Mames Barria elkarteko kide izango, baina laguntzeko jarrera erakutsi duela azaldu zuen atzo Urkijok.
Bost izar izateko, hainbat dira San Mames berriak bete beharko dituen baldintzak. Besteak beste, 105 metro luze eta 68 metro zabal izan behar du zelai batek bost izar izateko, eta zelai berriak 120 izango ditu luze, eta 80 metro, zabal. Berez erabilera bakarra izango du etorkizuneko zelaiak, baina klubak, oraingo futbol zelaiarekin egiten duen moduan, ez du baztertzen kontzerturen bat edo futbola ez den beste kirol ekitaldiren bat egitea. Beharren zerrenda ari da egiten zuzendaritza, eta ideia berriak jasotzeko jarrera irekia agertu du.
Zenbakia
3.332
Euro. Europan egin diren zelai berrien gaineko ikerketa egin du klubak, gastuaren kalkulua egiteko: batez beste, eserleku bakoitzeko 3.300 eurokoa izan da gastua futbol zelai berrietan (tartean, Arsenal Ingalaterrako taldearena), eta Athleticen kasuan 3.332 eurokoa izango da.